Atutxa, Knörr eta Bilbao ez dira Botin
2008-01-27 23:04 Euskerea berbagaiEz nintzan atzoko manifestazinora joan. Bat nentorren leloagaz eta jazotakoaren kontra protestea egiteko gogoa sentiduten neban, baina azken egun honeetako gripeak nik baino indar handiagoa izan dau.
Uste dot Madrileko Epaitegi Gorenean jazotakoaren ganean gauza asko esanda dagozala. Baina ez dot uste nik bide judiziala amaituta dagoanik. Epaitegi Konstituzionalak emon beharko dau bere eretxia gai honeen inguruan ondino eta auskalo gaia Strasburgera be ez ete dan helduko. Denporea izango dogu gai honeen ganean berba egiteko.
Hori bai, ezin dot komentau barik laga 'Botinen doktrinea'-ren ganekoa, benetan deigarria iruditu jat eta.
Jakingo dozue Botin, Santander bankuko zuzendari nagusia (eta Iñaki O’Shea Herri Batasuneko mahaikide ohiaren koinatua) epaitu izan ebela bankuan izandako ustezko irregulartasun batzuengaitik. Kasua Epaitegi Gorenera heldu zanean, bai Botinen abokatuak zein Fiskaltzak eskatu eben kasua bertan behera lagatea. Akusazino partikularrak, bere aldetik, kasuagaz aurrera jarraitu behar zala mantenduten eban.
Akusazino partikularrarena kontu deigarria da Espainiako Zuzenbidean. Horreen arabera, persona partikularrek, kaltetuak izan ala ez, aukerea dabee epaitegi batean parte hartzeko. Botinen kasuan Epaitegi Gorenak erabagi eban akusazino partikularraren eretxia ez zala nahikoa epaitegiagaz jarraitzeko eta kasua bertan behera geratu zan.
Hau ikusita, pentsau eikean Atutxa, Knörr eta Bilbaoren kasua be bertan behera geratuko zala, Fiskaltzak ez ebalako kasuagaz jarraitzeko beharrik ikusten nahiz eta 'Manos Limpias'-ekoek kontrako eretxia izan. Pronostiko guztien kontra, Botinegaz jazotakoa ahaztu egiten dau eta akusazino partikularraren eretxia nahikoa dala epaiketea egiteko. Horrezaz gana, sententziak atzera bialduten dau aurreko Tribunalek mantendutako eretxia Eusko Legebiltzarraren mahaikide ohiak kondenatuz.
Apuntetako modukoa da jazotakoa. Jente askok pentsetan dau Espainiako Justiziak ez dauela garbi jokatzen euskaldunak epaitzeko orduan, baina hori egia bada be, ezin dot burutik kendu Espainiako aberatsek dabezan pribilejioak. Euskaldunak Estadu honen pobreak ete gara?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!