Euskadikoa ala Euskal Herrikoa?
2007-12-31 01:27 MusikeaOso gustora irakurri ditut zapatuko partidaren ganeko kronikak Madrileko prentsan. Aldarrikapen sendoak zoratu egiten ditu unionistak. Eta ni, pozarren.
Halanda be, gurean polemikea izan da Euskal Selekzinoaren izena dala eta. Euskadikoa ala Euskal Herrikoa? Kontu honeetan be izenak ez dira zuriak, gure herri honen izenak hiztunaren ideologia islatzen dau eta. 'Pais Vasco' esaten dauena, bat emotearren, ez dago, normalean, euskal selekzinoen alde.
Historian atzera eginaz, orain urte mordo bat, frankistak ez ziran guztiek onartzen eben gure herria Euskadi zala. Horra, adibide batzuk emotearren, Euskadi ta Askatasuna edo Euskadiko Alderdi Sozialista.
Hogetamar urte honeetan gorabehera handiak izan dira. Transizinoan Hego Euskadiko zatiketea ofiziala izan zanetik, gero eta gehiago dira, naturaltasunez, Euskadi eta Nafarroa bereizten dabenak. Ahaztuta emoten dau, daborduko, 'Nafarroa Euskadi da' lelo zaharra.
Honeen haritik, asko dira gure artean Euskadi berbea hiru lurraldetako Alkargo autonomoari izena emoteko erabilten dabenak eta Euskal Herria zazpi lurraldeak gogoan dabenean. Zaku honetan abertzale piloa sartu behar da.
Ez da beti halan izan. Sabino Aranak Euskadi berbea asmau izan eban zazpi lurraldetarako. Bere garaian, danak erabilten eben Euskal Herria edo Euskalerria: karlistak, foralistak,… Hori bai, eurentzako euskaldunak espainolak edo frantsesak ziran, zalantza barik. Euskalerria berbak kutsu kulturala edo folklorikoa eukan orduko gizartean. Aranak zentzu politikoa emon gura eutson gure herriaren izenari, euren askatasunaren ispilu izango zana eta hortik sortu zan Euzkadi berbea (gero Euskadi), gaur horren desitxuratuta emoten dauena.
Asko dira (neu barne) Selekzinorako Euskadi izena gurago dabenak Euskal Herria erabili barik. Baina 'Euskadi'-ren aldekook zeozelango autokritikea egin beharko geunke: Zenbat bider erabili dogu 'Euskadi' berbea Nafarroa akorduan izan barik?
Era berean, ez dira gitxi izan 'Euskadi' izenaren alde agertu direnoi hiru lurraldeei soilik begira egotea arpegiratu dautsenak. Hori esateko be, ezjakina edo fede txarrekoa izan behar da. Sarritan indarrak galtzen doguz gure artean errietan proiektuak eregiten baino.
Edozelan be, egia autortuko dot: inportanteagoa iruditzen jat izana izena baino: Euskadi, Euzkadi, Euskal Herria, Euskarians, Baskonia edo dana dalakoa, ofizialtasuna gure Selekzinoari!!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!