Korapiloak, korapiloak...

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-12-23 23:58 Gogoan dodaz oraindino Eli Galdos zanak alkarrizketa batean esandako berbak. Bere ustetan ezker abertzalearen kontrako ekintza judizial gehienak zerrikeriak ziran. Badakigu jakin ezker abertzalearen partaide batzuk borroka armatuagaz jarraitzen dabela eta hori kondenagarria dala. Honez ganera, eroak be badaki ezker abertzalearen atzetik egitasmo politiko bat dagoala. Egitasmo horren barruan aniztasun handia dago, bai helburuei zein bideei jagokenez. 18/98 epaiketan jazotakoa bat dator Aznarren Alderdi Popularrak zabaldutako ideiagaz: ETAren ideiakaz bat datozen guztiak ETAkoak dira eta ETAk merezi dauen zigor bera hartu behar dabe. Hor danak sartzen dira: bonbak iminten dabezanak, egunkarietan idazten dabenak, manifak antolatzen dabezanak, ETAren alde dagozanak eta kontra dabilzanak. Honen haritik, argi baino argiago esaten eben PRISA prentsa taldeko komunikabideek: gartzelan dagozan Batasunako buruzagiek gelditu edo apaldu gura izan ei eben ETAren azken komunikatua gartzelatik. Jakin gura neuke barruko ezbai horreetan epaileek ze jarrera indartzen daben eta zein ahuldu epaia emoteko orduan. Aznarrek Alderdi Popularraren gidaritza hartu ebanetik haren eremura eroan dau 'terrorismoren kontrako borrokea'. Bere garaian gartzela zigorrak osorik bete behar zirala esaten eben eta gaur 'Parot doktrinea' indarrean dago. Ezker abertzalearen inguruko alderdi, talde eta erakundeak legez kanpo laga behar ziran eta halaxe egin eben. Gaur, Strasburgeko Epaileek baino ez dabe egoereari bueltea emoteko posibilidaderik. Gaur, negoziazinorako bide guztiak zarratu gura dabez popularrek. Ikusiko dogu 'hau' zelan amaitzen dan. Baten batek esango deust ETA ez dala ibili eta ez dabilela, hain zuzen, arrosak banatzen, eta halaxe da. Bere helburuak lortzeko biderik ankerrena hamaikatxu biderrez hartu izan dabe. Borroka armatua bertan behera lagateko sari majoren bat espero dabe eta Loteriaren eguna pasauta, sari gitxi geratzen dira apalean, baten bat geratzen bada. Egunotan ikusten doguna ulertzeko ezin dogu ahaztu martiaren 9an hauteskundeak izango dirala. Zapaterok frogatu gura izango dau Raxoi bezain gogorra izan leitekeala terrorismoaren kontrako borrokan. Ez dago bape argi zer pasauko dan ANV alderdiagaz. Edo, hobeto esanda, oso iluna da euren etorkizuna. Eta bonbak banatzen dabilzanak zelakoak diran kontutan hartuta, auskalo erantzunen bat badagoan eta zer neurrikoa. Persona batzuek harridureagaz ikusten dabe ezker abertzalekoak ez garan persona batzuk epai honeen kontra agertzea. Auskalo besteek zer pentsetan daben, baina nik beti pentsau izan dot alde batekoen barrabaskeriak sinisgarritasunez salatu ahal izateko bestaldekoei be neurgailu bardina aplikau behar jakela. Bidegabekeria baten erantzuna ezin da beste bidegabekeria bat izan. Espainiako gobernurako hauteskundeak pasau daitezela, mesedez! Urna usainak bizi dogun egoera honen erru handia dauela uste dot. Hauteskundeen aurretik lotu eta lotuko diran korapiloak askatu beharko dira. Baldin eta konponbideren bat gura badogu, jakina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu