Horrenbeste zalantza eta horrenbeste galdera...

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-12-09 23:00   Musikea

Egunak pasau dira Capbretoneko tiroketea jazo zanetik. Ez neban gura horren ganean eretxirik emon oso jazoerea arraroa izan zalako. Egunak joan, egunak etorri eta hasikerako zalantzakaz jarraitzen dot oraindino.

Errepasau daigun kontau dauskuena: goardia zibil bi kafe bat hartzeko sartu dira kafetegian. Kafetegi barruan ETAkideak dagoz. Goardia zibilek ETAkideak ikusten dabez eta kafetegitik alde egiten dabe. ETAkideek goardia zibilak ezagutzen dabez eta euren atzetik urteten dabe salatu egingo dabezala pentsaurik. ETAkideek tiroz hilten dabez goardia zibilak. Zibilek ezin dabe erantzun Frantzian arma barik dabilzalako.

Egia esango deutsuet: historia horrek zulo piloa daukaz. Ulertzekoa iruditzen jat Goardia zibilak ETAkoak ezagutzea, baina zelan ezagutu behar dabez ETAkideek Frantziako Hegoaldetik jarraipenak egiten dabilzan goardia zibilak? Txantxa ala festa da jarraipenak egitea?

Beste bat: Frantzia eta Espainiaren arteko akordioen ondorioz goardia zibilek ezin dabe armarik eroan. Arma barik atzerriko herri batean beste kideekaz komunikazinorako tresnaren bat eroan barik?

Badago beste hiru kontu kontuan hartu beharrekoak: goardia zibilak Capbretonen egozan, Landatan. Noraino sartzen dira Espainiako poliziak ETAkoen atzetik? Beste bat: Non egoan ETAren azpiegiturea? Ezkutalekurik ez eukien, alde egin eben ta segiduan atrapau ebezan. Bai, hiru ei ziran eta horreetako bat, Organizazinoaren buruzagia ei zana, ustez, desagertuta dago. Baina… Eta azkena: beste kide batzuekaz alkartu behar ei ziran ETAkoak. Kafetegi batean? Joxux, Maria eta Joxe! Bankuak lapurtzen dabezanak kontu handiagogaz dabilz.

Militarki ETAren gerrea galduta dagoala zozoak be badaki. Burruka armatua jarraitu izanak alperreko oinazea luzatu baino ez dau egiten frutu politikorik ekarri barik. Gizon gazte bi hil dira Capbretoneko jazoera triste horren ondorioz. Etxera bueltau dira egurrezko kutxatan. Atxilotutakoak, ostera, egunen batean etxera bueltauko dira, hemendik urte batzuetara. Capbretoneko jazoereak Zapatero eta Espainiako Gobernua ahuldu egin barik indartu egin ditu: Zer esango dau Raxoik Zapateroren kontra alor honetan?

Tiroka dabilzan horreek be ez dabilz Euskadi askatzen, kontrakoa esaten badabe be. 18/98 makrosumarioan kondenatutakoei ez deutse mesede egiten Capbretoneko jazoereak. Jakin badakit gartzelan dagozan batzuk burruka armatuaren kontra benetan dagozala, baina giro nahasi honetan zelan imini bakotxa bere lekuan?

Impasse baten barruan gagoz. Martian hauteskunde orokorrak izango dira Espainian. Seguru nago 'euskal arazoak' joku handia emongo dauela hauteskundeen ondoren. Espero daigun hortik atarako dan Gobernuak adorea izango dauela bake prozesu sendoa eroateko. Eta espero daigun ETAk be gure herriak eskatzen dautson heldutasuna behin sikiera agertuko dauela egin beharrekoa egiteko. Horrenbeste urte daukaz ETAk eta oraindino nerabe burubako baten modura jokatzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu