Betikoa barriro
2007-11-29 02:20Joan dan astean Ospitalean egon nintzan. Ez zan ezer txarrik jazo. Etxetik bi atara eta hiru bueltau, lehengo biak eta Xabiertxo. Zorioneko jazoerea, zalantza barik.
Horrek badauka ondorio argia: pixohialak, seaska, talko hautsa,… eta munduan zer pasetan dan ikusteko denpora askorik ez.
Lagunek esan deustie ez dala ezer barririk jaso, eta zuzen egongo dirala suposatzen dot. Espainiako Parlamenturako aurrekanpainea da jaun eta jaube komunikabideetan. Zapaterok Solbes Gobernuan mantenduko dauela adierazo dau, eta beragaz batera ekonomi munduak eskatzen dauen egonkortasuna. Zapatero ardau zaharra birritan saldu guraan dabilela iruditzen jat.
Popularrek, bestaldetik, Madrileko atentaduaren sententziaren ondorioz kolpe majua hartu izan eben. Atentaduaren 'konspiranoia' bigarren maila batera bialdu gura dabe Catalunyako azpiegituren desastrea azalera ekarriz. Horrezaz ganera, Ipar Frontea zabaldu gura izan dabe manifestazino baten bitartez (eta ez dau emoten manifestazinoa horreen arrakastatsua izan danik). Honeek be ozpin zaharra urteko ardauaren modura saltzen ibiliko dira.
Azpimarratzeko modukoa izan da orain gitxi Pedro Jota Ramirezek esandakoa, hau da, argi daukala Raxoik hauteskundeak galdu egingo dituala. Hori bai kolpea Raxoik hartutakoa, nondik eta 'bere aldeko' kazetari baten aldetik. Eta Rato pozarren, zelan ez.
Halanda be, partidua ez da oraindino jokatu. Nor baino nor arituko dira, ZP eta Mariano. Eta besteak? Ez dira esistiduten, antza. Alderdi bi baino ez dagoz Estaduko komunikabideetan. IU, abertzaleak, errejionalistak,… desagertuta edo laugarren maila batean. Betiko historia nardagarria. Hoba Xabiertxoren pixohiala aldatzera joaten banaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!