Bakotxari berea

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-11-12 00:23

'Zergaitik ez zara ixilduten?' esan eutson Espainiako erregeak Venezuelako presidentea dan Hugo Chavezi. Eta barregarria iruditu jatan jazoerea. Atara kontuak: Chavez Aznarren kontra berbetan. Nor eta Zapatero Aznarren defentsan eta espainiarren erregea bere onetik atarata Espainiako interesen defentsan.

Ez naz atarako Chavezen defentsan, nahiz eta herrialde txiro baten presidentea izan. Venezuelan pobre ugari dagozala ezin da ukatu. Era berean, nire ustetan, Chavezek proposatzen dituan sendagaiak ez dira izango Venezuelako herritarrak pobreziatik atarako dituanak.

Eretxi emole askok zabaldu izan dabe petroleoaren madarikazinoarena. Petroleo asko daukien herrialdeak pobreak izaten dira, gehienbat. Eta petroleoaren dirua ez da, normalean, herrialde horreen pobreen poltsikoraino heltzen. Protestak izaten diranean, jakina, errua atzerriko potentziena dala erantzuten dabe horreek agintariok. Boikota dala, presinoa dala, jazarpena dala,… Baina berba horreen atzetik errealidade gordina egoten da: herri horreen agintariak eta petroleoaren multinazinoalen artean banatzen dira 'urre baltzaren' etekinak.

Petroleoaren prezioa gora eta gora doa. Gura izan ezkero, Chavezek diru mordoa izango leuke Venezuelako bizilagunen bizimodua hobetzeko. Honegaz batera, Venezuelako gobernuak badauka modurik petroleoaren azpiegiturea barriztuteko. Ez dabil ez bata ez bestea egiten. Hau egin barik, modelo politiko zaharkitua Venezuelan ezartzen dabil eta, bidebatez, Hegoamerikan zehar ideia horreek zabaldu guran.

Ondorioak begibistan dagoz: petroleoleku batzuk zarratu egin dabez Venezuelan inbersino faltea dala eta, bertako pobreak lehen bezain pobre izaten jarraitzen dabe eta inguruko herrietan Chavezek lagun mordoa daukaz petroleoaren diruari esker.

Ez naz ni atarako Espainiako erregearen defentsan (ezta mozkortute be!!) baina uste dot ardureak eta erruak norberaren herritik kanpo topau gura izate hori jasangaitza dala. Norberaren utzikeria eta ezintasunaren arrazoiak norberaren etxean eta ez kanpoan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu