Adorerik ez dago, eta ez da egongo

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-11-04 23:38

Ez daukat besteen blogetan iruzkinak lagateko ohiturarik, baina Jose Felix Azurmendik idazten dauenak behin baino gehiagotan emon izaten deust aukerarik jazoerei bueltatxoren bat emoteko.

Jaime Mayor Orejak esandakoaren haritik, pentsau eitekean guk uste baino frankista gehiago dagozala gure artean eta hori kezkatzeko modukoa da, zelan ez. Baina Jose Felixek egindako hausnarketeari erantzun egiten neutson frankistak baino gehiago frankismoa dala kezkagarriena.

Transizinoa egin zan moduan egin zanez, hainbat kontu geratu ziran orduko eztabaida politikotik kanpo: Erregea, Ejerzitoa, Nafarroa, Justizia sistemea… Orduko esaerea zan 'sableen hotsa', hau da, militarrek ez eben ontzat hartzen eztabaidearen puntu batzuk eta marra gorriak lotsa barik marketean ebezan koarteletatik. Horreek kontuok bere garaian eztabaidatu ezin izanak ondorioak ekarri ditu gaur arte.

Besteak beste, frankismoaren garaitik datorrenagaz jarraitu gura dauena, 'moderatua', 'zentzuduna' edota 'arrazoizkoa' izango da. Zeozelango aldaketea planteau gura dauena, ostera, 'erradikala' edo 'ahoberoa' izango da. Transizinoan markautako marra gorri asko ezin dira ondino gurutzatu 30 urte pasau diranean.

Are gehiago, marra gorri gehiago sortu dira azken urteotan. Alderdi Popularra Madrilen agintzen egon zanean, Transizinoan lortutako eskubide zibil batzuk murriztuak izan ziran. Adibiderik azpimarragarriena Alderdien Legea izango litzake. Frankismoaren argi-ilunak handiagoak dira orain Transizinoaren lehenengo urteetan baino.

Hasikeran 'terrorismoaren kontrako burrukea eraginkorragoa izan daiten' planteau zan ditxosozko lege hau. Teorian, terrorismoaren inguruan dabilzanak dira lege horri bildurra izan behar deutsienak. Praktikan, 'terrorismoaren lagunak' ezeze, popularrak ez diran guztiek dabe lege horren erpeetan jausteko arriskua.

Halan, Ibarretxe lehendakaria eta Batasunako mahaikide batzuekaz batera, nortzuk eta legearen sustatzailea dan Alderdi Sozialistearen kideak izango dira auziperatuak. Salaketea aurkeztu ebenak, ganera, Alderdi Sozialistearen inguruan ibilitako 'talde pakezaleak' dira. Euren delitua: berba egitea. Demokrazia heldu batean zigortzeko moduko delitua, alajaina.

Eta orain zer? Zapatero presidente espainiarrak ez dau lau urte honeetan adorerik izan legea indargabetzeko. Hauteskundeak ganean dagozanean, are gitxiago. Eta auskalo hauteskundeen ondoren frankismoaren itzala ganetik kentzen hasiko garen. Ala ez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu