Noraino iritsiko da Zapateroren eskua?
2007-10-08 02:13Nekez ukatu leiteke Segurako sarekadeak hauteskunde kutsurik ez dauenik. Garzon epaile izarraren ustez, Batasunako mahai nazional zaharrak barriari boterea laga behar eutson dalako ekitaldi horretan
Dana esan behar da, ez dot argi ikusten zer dala eta batu behar diran 30 lagun honeek botereok pasetako. Papelak pasetako, kontuen egoerea azalduteko eta ardurak lagateko ez da horrenbeste lagun zertan batu behar, binakako bileren bidez askoz errazago egiten da eta. Eraginkortasun arrazoiengaitik. Ganera, deigarria izan da Batasunaren arpegi publiko ezagun asko bilerea horretatik kanpo egozala jakitea. Ganera, jakina da Batasunak hamaikatxu bilera izan dituala ilegalizau ebenetik, herri mailan eta nazino mailan. Beraz, kosta egiten jat sinistea Segurako bilerearen helburua Garzon epaileak esaten dauena izatea.
Nik esango neuke beste bide batetik doazala atxiloketak. Espainiako sozialistek ikusi egin dabe Ibarretxe lehendakariak Legebiltzarrean bere egitasmoa plazaratu ebanetik, ‘euskal arazoaren’ zezena artez artez imini izan dala eurei begira. Alderdi Popularra suspertuta egoan, ‘Espainia apurtu egingo dala’ ahobeteka aldarrikatuz. Zapaterok egin beharreko guztia egin eta egingo dau popularrei aurrea hartzeko. Hor ikusi dogu azken aste honeetan dirulaguntzak banatzen. Goxoa izaten da Olentzero espainiarra euroak banatzen ikustea Gabonetarako hiru bat hilebete falta diranean. Olentzero hau ez dabil, halanda be, dirua musutruk banatzen, bestelako helburua dauka eta: diruaren truke gure botuak sartu gura ditu bere zakuan.
Dirulaguntzak bigarren mailara pasau dira eta Ibarretxe dago ajenda politikoaren lehenengo lerroan. Espainiako gobernuak ezin dau (oraindino) Lehendakaria kartzelan sartu, baina hori egin barik frogatu gura izan dau esku sendoa daukala Euskadiko kontuei jagokenez. Gaur Batasunako partaide batzuk izan dira. Bihar?
Ez dakit seguru noiz izango dan Ibarretxeren kontrako epaiketea, badakizue, Batasunagaz berba egitearren haren kontra egingo dana. Kontuan hartu beharko da orduan fiskalaren jokabidea. Momentu horretan ikusiko da Zapateroren esku sendoa Ibarretxe ukutzen dauen dan ala ez. Egun horreetako inkestek bidea markauko dabe. Egunotan ikusitakoak ikusita, ez dot bape argi ikusten Lehendakariaren etorkizuna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!