Ordagoka hasi dira katalanak?

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-09-22 21:25   Bertsolaritzea

Harrituta irakurten ditut Catalunyatik jatorkuzan barriak. Catalanak horren epelak baziran be gurean sekulan ikusi ez doguzanak esaten eta egiten hasiak dira. Horko aldean ez dabilz berba leunakaz. Independentzia eskatzeko sasoia dala hasi dira esaten.

Eretxi emole askok esango dabe diruak badaukala zerikusirik aldarrikapen horreetan, baina ez da dirua oraingo egoerea justifiketan dauen arrazoi bakarra.

Catalunyako uritar askok uste dau Espainiako estadu barruan egotea negozio txarra dala. Kontuak behin eta barriro egin dabez catalanek: eurek finantzietan dabe Madrileko gobernuaren eskuzabaltasuna. Gogoan izan daigun Andaluziako gobernuaren azken aldarrikapena: etxebizitzak erosteko dirulaguntzinoak emongo deutsez hilero 3.000 euro irabazten dabenei. Andaluzia pobrea danez, alkartasunaren izenean, Estaduak dirutza majua emongo deutse, Andaluziako uritarrek zergatan pagauko dabena baino gehiago. Demasako euro horreek catalanen patrikeratik atarako dira.

Uda honetan zehar ikusi dogu zelako desastreak izan diran Catalunyako azpiegituratan. Desastre horreen arrazoi nagusia, inbersino publikoaren faltea izan da. Estadu osoan zehar azpiegiturak egin dira catalanen diruagaz Catalunyan behar beste inbersino izan ez diran bitartean.

Asko izan dira Catalunyako abertzaleen artean berba gogorrak bota dabezanak.Puigcercosek esan dau errazagoa egiten jakola Catalunya independientea imajinetea Espainiaren barrikuntzea baino. Epaileen Kontseilu Orokorreko partaide dan Alfons Lopez Tena subirotasuna eta independentziaren ganeko ikerketa taldea sortzeko lanean dabil. Puigcercos, Mas eta Pujol bera berbetan dagoz. Eta Maragall!!…

Euren pekatua, Espainiako indar politiko zentralistan sinistea izan da. Pujol eta Mas alkarlanean ibili ziran Aznarregaz Estadua zentzunean sartuko ebela pentsaurik. Carodek eta Puigcercosek pentsau eben, gixajoak, Estatuten barrikuntza sakona atarako ebela sozialisten eskutik. Eta Zapaterok Catalunyako Estatut barria indarrik barik itxi baeban be, ez dabe arazorik izan Govern barrian sartzeko. Ahalegin horreek ustelak subertau dira.

Uritarrok be ez dabez horren argi ikusi horreek ahaleginok. Botoemole abertzaleek abstentzinogaz zigortu egin izan eutsen abertzaleei azken hauteskundeetan. Ikasgaia ikasi egin dabela emoten dau. Catalunyako uritar asko Espainiagaz gogaituta dagozala ikusi dabe abertzaleek. Gaur bertan, horrenbeste gazte atara dira telebisinoan erregearen argazkiari sua emonaz. Tirorik bota barik. Hori bai, politikoki, enbidoa laga eta ordagoka hasi dira. Une baterako jarrerea ala sakoneko aldaketea? Agur ‘seny’a eta ondo etorri ‘rauxa'.

Catalunyako kontuak buruan dantzan nituan ezker abertzalearen azken kartelaren leloa ikusi dodanean: ‘autonomia eta erabagia’. Katalanak epelak ei ziran eta gu ausartak. Hamaika ikusteko jaio gara. Joxux, Maria eta Joxe!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu