Agur ala gero arte?

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-09-16 20:57

Idatzita daukat orain denporatxua euskal politikagintzea kanibala dala. Oso gitxi dira ‘ate handitik etxera joaten diran politikoak. Herri anglosaxoietan esaten dabe karrerea politiko guztiak porrot bategaz akabetan dirala. Britaina Handian eta Ameriketako Estadu Batuetan ez da beti beteten errefrau hori, baina gurean, behintzat, esaldi hori sarritan beteten da.

Egunotan idatzi eta esan diranak ikusita ta entzunda, pentsatzekoa zan Josu Jon Imaz ‘hilda’ egoala. Horreenbeste lore, laudorio eta txalo pertsonaia handi bat hilten danean eskaintzen dira. Zorionez, bizirik eta ondo dago Imaz. Baina autortu behar da azken bolada honetan Espainiatik etorri jakozan txaloek eta muxuek Imaz ito egin dabela.

Ez dakit nik Josu Jonen karrera politikoa betiko akabau dan ala ez. Oraindino gaztea da eta bizitzak horrenbeste buelta emoten ditu... Komunikabide askok esan dabe Imazek abertzaletasuna gaurkotzeko zereginean porrot egin dauela. Ez dakit nik komunikabide honeen ustetan zer dan abertzaletasuna gaurkotzea. Egia esango dautsuet, El Correo eta El Paisen araberako gaurkotze hori ez da nire gustokoa. Imazen gustokoa be ez, pentsau gura dot.

Alderdi jeltzalearen barruan soberanistek irabazi dabela esaten dabe horreek komunikabideok. Auskalo. Goi mailako zuzendaritza aukeratzeko prozesu luzea daroe jeltzaleek eta azken orduko ezustekoak edozein momentutan emon leitekez. Eta ikusi beharko da geroxeago aukeratutakoek kanpotik ezarritako etiketeari jarraitzen dautsen ala ez.

Iñigo Urkullu izango ei da buru jeltzale barria, eskarmentu handiko politikoa, zalantza barik. Joxeba Egibarrek be zer esaterik izango ei dau ondorengo urteetan alderdiaren ibilbidea erabagiteko orduan. Ikusi beharko da, bestalde, Ibarretxe Lehendakariak zelako protagonismoa hartzen dauen euren Plana berpizteko orduan. Une horretan ikusiko da jeltzaleek norabidea benetan aldatu daben. Eta denporea aurrera joan ahala ikusiko da komunikabide espainarrek agertu daben bildurra fundamentuzkoa dan ala ez.

Bien bitartean, onena opa deutsat Josu Jon Imazi bere ibilbide profesional barrian. Bihotzez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu