Errose Porrot
2007-09-10 01:13Rosa Diezek beste porrot politiko bat izango dau hemendik gitxira. Diezen ibilbide politikoa errepasau ezkero, berehala igerriko dogu porrota dala sarrien agertzen dan berbea. Ez dakit nik oraindino zergaitik egiten deutsagun, ba, horrenbeste kasu Rositari.
Eusko Jaurlaritzan egon zan kontseilari lanetan, orain hamabost bat urte. Hor ezagutu genduan, glamurrez beteriko soineko eta kapelakaz. ‘Etorri eta kontau egizu’ kanpainea zabaldu eban turistak Euskadira erakarteko. Mingote ‘umoregile’ kontserbadoreak gustu txarreko txistea atara ebanean gogor egin eutson Errosek gure alderik onenak defendidu guran. Hamaika ikusteko jaio gara! Ez eban gura Rosak Jaurlaritzatik urten, baina goi mailako politikak holango menpekotasunak daukaz. Lehenengo golpea izan zan ordukoa.
Gogoan izan daigun Euskadiko sozialisten idazkari nagusia izateko sufridu ebala porrota Diez andereak Nicolas Redondo aurrean egoala. Estadu mailako sozialisten idazkari nagusia izateko ahaleginean be, azkena geratu zan, Zapaterok irabazi ebanean.
Europara bialdu izan eben alderdikideek. Hauteskunde hareetan Loiola de Palacio popularra nagusitu zan. Europako jesarlekutik txinpartak eta geziak jaurti ditu PSOEren kontra.
Pentsetan dot sozialista asko alderditik kanporatzeko gogoz egongo zirala, ulertu arren horrek kalte handia egingo leuskiola alderdiaren irudiari. Azken urteetan zehar, komunikabide kontserbadoreek ohorezko lekua eskaini izan deutse.
PSOEtik joatea erabagi dau Rosa Diezek. Eta ez da Alderdi Popularrera joan persona askok uste eban modura. Alderdi barria sortu dabe Savater eta Gorriaran lako fenomenoakaz batera. Alarma gorriak iziotu dira popularren artean. Raxoi horreen ahulduta dagoanean etorriko ete dira beste honeek botuak kendu gura? Kaltea sozialistei egin barik, popularrei egingo ete deutse?
Ez naz ausartzen eretxi sendoa emoten, baina susmoa daukat Rosa Diezen mezua gertuago dagoala PPtik PSOEtik baino. Rosa PSOEtik joan zanean komunikabideek tanborra joten zabaldu dabe barria, sozialistentzako kaltegarria zalako. Orain, hauteskundeak ganean daukaguzanean, seguru nago Diezen alderdi barriak gero eta babes gitxiago izango dauela komunikabide handietan, batez be, komunikabide kontserbadoreetan. Eta emoitzak ez dira izango, hain zuzen, lar goxoak. Diez andereak beste porrot bat sufriduko dau. Azkena izango ete?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!