Eskozia, ai Eskozia!

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-09-03 01:14   Barriketan

Galdeketea bai, galdeketea ez. Horixe izan da uda honetako gai politikorik nagusiena. Hemen eta whiskeyaren lurraldean, Eskozian

Eskoziarrak ez dira ingelesak. Hortan bat datoz bertako biztanle guztiak. Historian zehar Eskoziako soldaduek burrukatu egin izan dabe Britainia Haundiko errege-erreginaren alde. Gaur egun euren batailoek Eskoziako banderea daroe euren ikurretan. Eskoziako Eleizea eta Ingalaterrakoa ez dira bardinak, nahiz eta biak protestanteak izan. Futbolean selekzino desbardinak daukiez ingelesek eta eskoziarrek. Gordon Brown lehen ministro britainiarra bera Espainiara joan ei zan Eskoziako selekzinoa animetan bertan Munduko txapelketea jokatu zanean. Euren hizkuntzea, gaelikoa, ahul dago ingelesaren indarraren eraginez.

Orain gitxi ‘devolution’ izeneko prozesua emon zan gizonezko gonen lurraldean eta baita Galesen be. Autonomia mugatua eskaini eutsen Blairren gobernuak. Erreferendumean onartu izan eben eskoziarrek autonomia.

SNP alderdi abertzalea bozkatuena izan zan azken hauteskunde autonomikoetan. Eta hauteskunde programan azaltzen dana gauzatu gura dabilz: galdeketea.

Alex Salmond lehen ministro eskoziarrak independentziaren inguruko eztabaidea piztu gura izan dau eta baita lortu be. Beronen esanetan, Eskoziako uritarrek hiru aukera izango dabez galdeketa horretan: independentzia, oraingo autogobernu maila edo autogobernu zabalagoa. Halango galdera sorta segiduan sinatuko neuke nik Euskadirako, alajaina!!!

Alderdi ingelesak sutan dagoz. Abertzaleak gitxi dirala dinoe. Autogobernua norabide bikotxeko bidea dala adierazoten dabe. Beste era batean, holan jarraitu ezkero, Eskoziak autogobernua galduko leukela mehatxatu dabe. A ze ezaguna egiten jakun panoramea!

Gurean, panoramea ez da oso desbardina. Ibarretxe lehendakariak behin eta barriro adierazo dau galdeketea egingo dala oraingo legealdia amaitu baino arinago. Badagoz Eskoziaren egoerea eta gurea konparetan barre egiten dabenak, euren autogobernu maila gurea baino apalagoa dala aldarrikatuz. Ez dabe esaten, ostera, Gernikako Estatutua ez dabela bete Espainiako gobernuek eta ez dabela beteteko ezelango asmorik. Aprobetxau egiten dabez, ganera, aukera guztiak eskuduntzak kentzeko.

Euskaldunok eta eskoziarrok badoguz desbardintasun nagusi bi kontu politikoen ganean: Salmondek ez dau denpora luzea behar izan galdeketearen gaia mahai ganera eroateko. Guk, ostera, urteak emon izan doguz galdeketea gora eta behera eta oraindino ez dakigu noiz eta zer galdetuko deuskuen be.

Bigarren desbardintasuna: hemen indarkeria dago, eta Eskozian ez. Euskal uritarren borondateari bidea oztopatzeko atxakirik onena indarkeria dala begibistan dago. Konfliktoaren erresoluzinoa ekarriko dauen eragilea izan barik, konponbideari traba baino ez deutso egiten ETAk, giza kalteak eta txikizioak alde batera itxita, jakina.

Dana esan behar da: ETArena, neurri handi batean, atxakia da. ETArena ondo jatorke lagun askori amesgaiztoko galdeketa hori ahalik eta gehien atzeratzeko.

Egunotan Pertur Etakideagaz jazotakoaren ganean beste hipotesi bat zabaldu da. Antza, taldekideek barik, bestaldekoek garbitu eben. Hipotesiak hipotesi seguru baino seguruago nago Estaduko botererik ilunenak lanean dabilzala ETAk amaierarik izan ez dagian. Batek jakin hemendik 25 urtera zelango historiak kaleratuko diran!

Apustuak, jaun andreok. Zein egingo da arinago: Eskoziako galdeketea ala geurea?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu