Bakotxari berea
2007-08-13 01:44 MusikeaAkabo fandango! Migeliko Sanz Nafarroako presidentea da. Ez da ustebakorik izan eta parlamentari sozialista guztiek botu zuria emon dabe bigarren botazinoan. Madrileko aginduak huts barik bete ditue.
Alderdi barruan, ostera, matxinadea dago. Auskalo matxinautakoak asko ete diran ala errebolta antolatu gura dabenak gitxi eta zaratatsuak ete diran. Egin dagiela zaratea eta burrunbea. Egindakoak ez dauka atzerabueltearik.Badagoz zentsura mozinogaz amets egiten dabenak. Hauteskunde orokorrak izan eta gero, hemendik sei hilabetera, Zapaterok haren poltronea ziurtau eta gero, barriro batuko ei dira sozialistak, komunistak eta Nafarroa-Baikoak gobernu aurrerakoia osatzeko… eta egun berean Txanogorritxo ikusiko dogu Nafarroako politikatik paseotxo bat emoten.
Nafarroako jazoerek orain aste pare bat irakurritakoa ekarri deust gogora. Igazko udazkenean, EAJ, PSE eta Batasunako ordezkariak Loiolako santutegian bildu ziran. Gaia: herriaren etorkizun politikoa. Iturri batzuen arabera, ordezkariok akordio batera ailegau ziran diagnostiko eta egutegiaren inguruan. Beste batzuek ukatu egin izan dabe ezelango akordiorik izan zanik. Eta beste alde batekoek adierazo dabe ustezko akordio horreek ez zirala, hain zuzen, lar zehatzak. Baina horrek ez dau ardura orain.
Akordio horreen arabera (akordioa izan zala onartuten badogu) euskal alderdi politikoen ordezkariak batu egin behar ziran mahai batean. Geroxeago, nafarrak sartu behar ziran. Alderdien arteko akordioa izan behar ei zan marko politikoaren ganean, Madrilek onartuko ebana. Egokia paperean, zelan ez.
Baina uste dozue Madrileko botere politikoak prest dagozala euskaldunon berbea eta erabagia onartuteko? Egia esanda, Loiolan berba egin izandakoak lagundu egin beharko dautse eragile politikoei hurrengo ahalegina hobeto burutu ahal izateko. Baina ez da ordukoa kontuan hartu beharreko ikasgai bakarra. Horrezaz ganera, azken aste honeetan bizitakoaren arabera, lasaiago geratuko nintzan hurrengo mahai batean sozialisten eta popularren aldetik euskal ordezkariak egon barik Espainiako jefeak etorten badira, bertokoak sukursalak baino ez dirala ikusita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!