Ez da harritzekoa Nafarroan jazotakoa

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-08-05 00:57 Orain urteak jazo zan baina ez dot ahaztu. Mahai-inguru batean, besteak beste, Joseba Egibar jeltzalea eta Jesus Egiguren sozialistea egozan. Egibarrek behin eta barriro azalduten eban zergaitik daukan herri honek bere buruaren jaube izateko eskubidea eta bakegintza eta normalizazino politikoaren ganean bere alderdiak eukazan ideiak.Hasikeran, Egigurenek haren argudioak eta eretxiak azaldu zituan, baina argudioak horren ahulak izanda, momentu batean zera bota eban: - Bai, zuzen egongo zara eta zenbait gauzatan ados egongo naz, baina gogoan izan behar dogu nire alderdiak hemen botuak lortzen dituala, baina baita Ciudad Realen, Toledon eta Murtzian. Eta zuk esaten dozun hori onartu ezkero Ebrotik beherako lurraldeetan boto piloa galduko geunkez. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako alderdi sozialisteak Nafarroako gobernuaren ganean hartutako erabagia. Gogorau daigun zazpi hilabete inguru falta dirala hauteskunde orokorretarako. Une batean popularrak indartsu igarten baziran be, orain indar barik dagozala emoten dau. Bildur dira sozialistak. Popularren bildur. Atzo eta gaur. Igaz ez ziran ausartu kartzela politikan mobimentuak egiteran popularrak oilartuta egozalako. Orain, popularren indarra apalduta dagoanean be bildur dira. Komentziduta nago popularrena atxaki hutsa dala. Barruak eskatuten dautsena egiten dabela sinistuten dot. Gogorau daigun Gonzalez eta Guerra bikoteak boterea atrapau ebenean atzerriko egunkari batek 'espainiar abertzaleak' deitu eutsiela. Oraingoak haren ondorengoak dira. Ez dira gitxi pazientzia izan behar dogula esaten dauskuenak. Datorren urteko hauteskundeak Zapaterok irabazten baditu indartsuagoa sentiduko ei da eta ausartago jokatuko ei dau euskal kontuei jagokenez. Nik, honezkero, haren berbea hamaika biderrez jaten ikusi eta gero, ez daukat Zapateroren ganean ezelango konfiantzarik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu