Nork pagauko ditu Athleticen fakturak?
2007-07-17 01:05 Begi betegarriTentazino itzela izan neban joan dan astean Athleticen elekzinoen inguruan idazteko. Azkenean ez neban egin, bazkidea ez nazalako eta bazkideei baino ez jagoke presidente barria aukeratzeko erresponsabilidadea.
Jakingo dozue honezkero Fernando Garcia Macua aukeratu ebela bazkideek. Alde txikia atara eutson Ercoreca hautagaiari. Javier Gonzalez hirugarren hautagaia atzerago geratu zan. Boto zuri piloa izan ziran.
Zorionez, ez naz bazkide eta ez daukat botoa emoteko beharrik. Gustau egiten jat botoa emotea. Interneteko botazinotan be parte hartzen dot. Bazkidea izan ezkero, seguru joango nintzala hautagai baten alde botoa emotera, nahiz eta nire gustuko hautagairik topau ez.
Ez jat larregi gustetan irabazle atara dan Garcia Macua. El Correo egunkaria topera egon da haren alde eta niretzat hori ez da seinale ona. Ganera, enpresa-gizon inportanteak daukaz ondoan. Bera be beharrean egon izan da eraikuntza enpresa handi batean. Badakigu San Mames barriak interes ekonomiko piloa erakarriko dituala eta askok susmo txarra hartu dabe horregaitik. Denporeak esango dau susmo horreek egiaztatzen diran ala ez.
Edozein kasutan, zuzendaritza barria fitxaketa mordoa egiten hasi da: Caparrós entrenatzailea, Aitor Ocio eta Iñaki Muñoz jokalariak dira horren erakusle. David Lopez aurreko zuzendaritzeak fitxau eban. Ez daigun baztertu Cuellar, del Horno, Ezquerro, Xabi Prieto, Gorka Iraizoz eta besteren bat ekartea. Talde barri oso bat erosiko dabe ia.
Athleticek bere nortasunaren zati bat galdu dau. Orain gitxi, nire lagun bategaz berbetan esaten neutson azken denporaldi bi honeen ondorioz, zalego zurigorria orain arte sekula onartu ez dauena onartzeko prest dagoala. Akordetan naz orain urte batzuk denporaldi hasikeratan Madrid, Barça edo Valenciaren fitxajeen ganean barre algarak botaten genduzala. Guk, gure harrobigaz, horreenbesteko dirua gastau barik paper duina egiten genduan Ligan eta Kopan.
Orain, zaleak bildurtuta dagoz. Aldaketea eskatu dau bazkideak. Zuzendaritzan eta plantilan. Auskalo etorkizuneko Athleticen gure burua ordezkatuta sentiduko ete garan. Baina antzeko fitxaje piloa egin dabezan taldeak gogoan izanda, ni naz orain bildur. Nork pagau behar ditu fakturak? Orain dala gitxi esaten zan Athleticen egoera ekonomikoa ez zala, hain zuzen, oso osasuntsua. Telebistek ordainduko dabe? Elastikoen publizidadeak? Instituzinoek? Bazkideek?
PD: Ez dot ahaztuten Zubiaurre kasua, barriro be epaitegietan dagoana. Bost miloe euro pagetea astakeria galanta da, are gehiago ia jokatu ez dauen jokalari batengaitik. Azken errekursoaren ondorioz, Athleticek 35 miloe pagau behar baditu, arduradunen batek hartu beharko dau erantzukizuna, ezta?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!