Lizartza: Espainia eta demokrazia alkarren ondoan ez dabilzanean

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-07-05 02:06 Alderdi Popularrak lehenengo alkatea lortu dau Gipuzkoan. Non eta Lizartzan, gotorleku abertzale batean. Ez neuke ezer esango botuek eroanda alkatetza lortuko baeben, baina ez da holan izan. Iruzurra da Espainiako PPk Lizartzan egin dauena. Ez da demokratikoa botuen % 7 atara dauen alderdi batek udaleko zinegotzi guztiak berarentzat gordetea. Ez da zuzena botuek emon ez deutsena legearen zirrikituek horren modu zikinean emotea. Ganera, ez daigun ahaztu, Regina Otaola eta ganerako ‘okupak’ ez zirala Lizartzako PPren hautagaiak izan. Lizartzako hautagaiak Euskaditik kanpokoak ziran. Uko egin deutse postuak okupeteari eta beste persona batzuk izentau ditue agintari popularrek, Lizartzako zerrendetan agertu ez ziran persona batzuk. Euren sokakoak, jakina. Esate baterako, Zamudioko zerrendaburu popularra Lizartzako zinegotzi dogu gaur egun. Ez zan Zamudion atara bere alderdiak ia botu kopuru erdia galdu izan ebalako. Ez Zamudiok eta ez Lizartzak, inork ez eban lagun hau gura, euren alderdiak kenduta. Boturik jaso ez eta azpijoko baten bitartez, zinegotzi daukagu gaur egun, buruzagi popularrek aukeratuta. Bera ezagutzen dauen herriak botuen indarrez udaletik bialdu eta gero ezagutzen ez dauen udal batean sartu da boturik jaso barik. Bada legala euren jokaldia, baina legitimidade gitxi dauka popularren mobimentuak. Legala izateak ez dau esan gura zuzena danik. Eta ezin da demokrazia garbi batean onartu botoen % 7 atara dauan alderdi batek bere kabuz eta ezelako kontrol barik udal osoa kontroletea. Holako jazoerak doguz gaurko Espainia demokratikoan. Horren boto gitxi jaso eta gero, udaletxea okupau egiten dabe. Espainiako banderea (betiko piperpotoa) ondo ikusteko moduan iminten dabe, non eta herriko armarriaren ganean. Esanguratsua euren lehenengo mugimendua gero!  Otaolaren bigarren aginduaren arabera, konstituzinoaren kontrako kartel eta pintadak kendu beharko ditue udaletxetik. Lau urte honeetan lanak izango ditue hormak garbitzen Lizartzan, ez dodalako uste kontua bere horreetan geratuko danik. Gizalege barik jokatzen dauenak ezin dau gitxiago espero. A! Eta gero esango deuskue udal batetik ezin dala politikarik egin. Ja! Hori bai, ezker abertzalearen partaide askok segiduan igerri izan dabe alderdien artean zeozelako diferentziarik badagozala. Igerri gura badabe, jakina. Ez dot uste aurreko alkatea zan Joseba Egibarrek piperpotoa iminteko ezelako gogorik izan ebanik Lizartzako alkatea izan zan bitartean. Eta ez dot uste horrenbesteko obsezinorik eukanik Lizartzako gehiengoaren pentsamenduagaz. Behin eta barriro entzun deutsegu eta errealidadeak guzurtatu egiten dau eurek esandakoa. Ezker abertzalearen aldetik badagoz EAJ eta PP bardintsuak dirala esaten dabenak. Zero momentutik igerri egin da Lizartzan ‘diferentziaren bat edo beste badagoala. EAJ eta PP bardinak dirala esaten dauenak ez dau egia esaten. Eta, bestaldetik, Espainiako estadua eta demokrazia parekatzen dituana be errealidadetik urrun dago. Hamaikatxu biderrez esaten eban Arzalluz beteranoak eta hamaikatxu biderrez errepetiduten dot nik Espainiako demokrazia kalidade eskaxekoa dala.Â

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu