Bilbornication
2007-06-24 14:25 Euskerea berbagai Red Hot Chilli Peppers entzutera joan nintzan joan dan Barikuan. Rockzale amorratua naz, eta lagunak oraindino harritu egiten dira holako saltsatan gustora nabilelako. Oso gustora, benetan. Musikea diskatan entzutea primeran dago, baina zuzenean sentiduten dan zirrarea gaindiezina da. Kriston montajea dago montauta Kobetasen. Eszenatoki bi, talde mordoa, taberna handiak, bokatak hartzeko txoznak,… baina Red Hotek porrot egin eban.  Gusto gazi-goxo bategaz joan nintzan etxera. Musikari bikainak daukaz taldeak, eta holan erakutsi eben kontzertuan zehar, baina Anthony Kiedis kantaria astegoiena pasetan etorri zan Bilbora. Bidaia luzea egin ei eben Bilbora heltzeko. Tira… Baten batek esango daust Fleari bota eutsen ur botileak errua izango dauela. Hara, hirugarren edo laugarren kantan tontolapiko batek botilea bota eutson baxujoleari. Honek, sutan, hatzamarrea erakutsi eutson ‘jagokonari’. Hortik aurrera, kontzertua ez zan suspertu. Kanten arteko tarteak lar luzeak ziran, kanta ezagun batzuk ez ziran entzun eta agur esan barik joan zan Kiedis kamerinora. Prentsan irakurri izan dot botileak pikutara bialdu ebala kontzertua. Ez dot horren argi ikusten. Lehenengo kantetan be ez neban jarrerarik ikusi Anthony izarraren aldetik.  Bestaldetik, esan behar dot beste hirurekaz harrituta geratu nintzala. Flea baxujoleak entxufea eperditik sartuta eukala emoten eban. Chad Smith bateriajolea indartsu eta martxoso ikusi neban eta Frusciante kitarrajolea itzela iruditu jatan. Inguruko jenteak komentetan eban soloak lar luzeak zirala. Kontzertuaren akabukoa, egia esanda, psikodeliko samar geratu zan, baina aurreko kantatan egindako lana goi mailakoa izan zala iruditu jatan. Zoritxarrez, ez zan nahiko izan kontzertu ahaztezin horreetako bat izateko. Bestelako jarrerea agertu eban Fermin Muguruzak. Euren musika estiloa ez jat horrenbeste gustetan, baina tira, goxau egin nituan Ferminen izerdia, taldearen trikitilari elektrikoa, koruetako neskak (kafesnea), eta euren mezua: ‘Benetako bake prozesu baten alde’. Amen.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!