Historiak ez dau partidarik irabazten
2007-06-17 23:10 Musikea Akabo. Sufrimendua amaitu da. Zurigorrien historia miragarriak jarraitu egingo dau beste urtebete. Athletic-en ibilbide historikoak ez dau aurten etenik izan. Zurrumurruek esaten eben Basurtoko Ospitalean zerbitzu bereziak preparau zituela San Mamesen izan eikezan bihotzekoei aurre egiteko. Zorionez, ez da horren beharrik izan. Pozas kalean alaitasuna izan da nagusi partidaren ostean. Orain danak pozik eta lasai. Ikaragarriak gara eta gero eta gogorragoa dan izarretako Liga honetan jarraitzen dogu. Halanda be, pelikuleak zorioneko amaierea bizi eta gero, inguruko kalimotxo guztia edan eta gero, hausnarketea egiteko unea datorrela uste dot. Lagun batek esan eustan Athletic-en egoerearen inguruan mahai-inguru bat izan zala orain hilebeteak. Bertan zaletuek behin eta barriro errepetiduten eben Athletic ez dala sekulan bigarren mailara bajatuko. ‘Ezin da bajatu eta ez da bajatuko’. Mantrea errepetiduten zan unean Athletic jatsiera postuetan egoan. Ondo barruratuta eukien mantrea, alafede! Atzo arrastian Arteara joan nintzan erosketak egitera (Leioako hipermerkatura, ez Arratiako herrira). Hor San Mames Barriaren plano ederrak egozan ikusgai. Elegantea zan zelaia, baina nire buruari galdetzen neutson: ‘Eta bihar bigarren mailara bajatuten bada?’ Badakit forofogoitien(*) dohaietako bat fedea izaten dala. Athleticen fede itsua, hain zuzen. Ez dakit nik, halanda be, begiak zabaltzeko unea etorri ete jakun. Ezinbestekoak diran jokalariak taldetik joan izan dira, ordezkoak horreek bezain onak dirala aldarrikatzen genduan bitartean. Izugarrizko futbol zelaia egiteko plana aurkeztu deuskue datorren denporaldia ziurtauta egon barik. Presidentziarako hauteskundeak deitu ditue etorkizuna argituta izan barik… zertako jarraitu?  Ez da harritzekoa partiduaren amaieran zalegoak izan dauen erreakzinoa: txistuak jokalarientzat eta zapi zuriak palkoarentzat. Zalegoa taldeagaz bat eginda egoan, baina ez jako gustetan azken denporaldi bietan sufridu dan egoerea. Nire ustez apaltasun faltea izan dogu. Harrokeri handia agertu izan dogu. Athletic-en Historia aitatzen da behin eta barriro. Baina Historiak ez dau partidurik irabazten. Badirudi ahaztu egiten dogula partiduak jokalariek irabazten dituela. Entrenatzailearen gidaritzapean, lantalde teknikoaren laguntzeagaz eta presidentziaren babespean. Presidentziarako hauteskundeak datoz orain. Argazki ederrak, egitasmo txundigarriak, ustezko fitxaje liluragarriak eta Bilbora etorteko prest dagozan entrenatzaileak azalduko dauskuez. Baina inork esango ete deusku zein dan gure benetako egoerea? Inork esango ete deusku ez garala lehengo talde indartsua? Inork esango ete dausku lan apalak partidu gehiago irabazten dituala harrokeriak baino?Â(*) Forofogoitia: San Mamesen jaio eta hazitako gizasemea. Izara, elastikoa eta galtzontzilo-tangea zurigorriak daukaz. Athletic-ek irabazten dauenean kalimotxo piloa hartzen dau ospatuteko. Bardindu edo galtzen dauanean, kalimotxo piloa hartzen dau ahaztuteko. Nik neuk be forofogoitia horreen sentimendua barruratuta daukat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!