Agur ala gero arte?
2007-06-10 13:45 Euskerea berbagai ETAk bertan behera laga dau igazko martian aldarrikautako su etena. Daborduko danok ezagutuko dozue barria. Etsipena izan zan sentsazinoa barria ezagutu nebanean, ondo informautako lagun askok jakinarazo eustielako ‘oraingo hau’ benetakoa izango zala. Zoritxarrez, ez dau emoten bakea epe laburrean izango dogunik. 16 hilebete iraun dauen prozesu honek sustrai sakonak eukazala esan izan da hasikera hasikeratik. Jazoerak ikusita, esan leiteke sustrai sakonak izango ebazala bai, baina ez neuke esango horreek sustraiok indartzeko behar beste ur eta ongarri erabili danik. Are gehiago, ez dot uste eragile gehienok epe luzera begira jokatu dabenik. Orain, dana pikutara joan dala emoten dauenean, hor daukaguz danak alkarri erru guztiak botaten. Eta jazotakoaren errua ezin jako alde bakar bati bota. Hilebete honeetan jazotakoak ez dau inondik inora be justifiketan armak barriro hartzeko erabagia, baina onartu egin behar da oso txarto kudeatu dala prozesu hau. Ardura pixkat eskatzeko sasoia da (badakit ez deustiela kasurik egingo baina…) Miraria izan barik, indarkeria-kondena-errepresinoa zurrunbiloan sartzeko bidean gagoz. ‘Hau’ ez dala sekula santan amaituko pentsauko dau uritar askok, baina ezin deutsagu etsipenari bide emon, egunen batean konponduko da eta. Su etenen arteko epeak gero eta laburragoak dira eta oraingo hau be laburra izango dala sinistuten dot. Ezker abertzale ofizialak euskal gizartean jasoten dauen babesa gero eta mugatuagoa da eta euren munduaren barruan indarkeriak daukan babesa be bai. Ezin dogu sekula ahaztu bakea arerioen artean egiten dala, are gitxiago une txarrak datozenean. Urteak emon izan dabez-doguz personen arteko zubiak apurtzen eta honeek zubiok ezinbestekoak dira egunen batean konponbide bat topetako. Ez dakit zer esan gura dauen ETAk ‘fronte guztiak zabalik’ dituala esaten dauenean. Denporeak esango dau zarata handiko ekintzak burutko ete dituen, biktimak eragin barik, ala apropos bateren bat hiltera joango ete dan. Bide bat ala bestea hartzeak ez dau izango eragin politiko bardina beste bake prozesu bati bide emoteko orduan (eta ez dagiala inork pentsau ezein bide armatu justifiketan dodanik, mesedez).ÂBestalde, ez dakit nik norainoko atzerapausuak emongo ete dituan Zapatero presidente espainiarrak su etenaren haustureari erantzuteko orduan. Gogoratu daigun hemendik bederatzi hilebetetara hauteskunde orokorrak izango dirala (eta popularren kanpainea pikutara joan dala De Juana, Arnaldo, Nafarroako salmentea terroristen laguntzeagaz eta abar Zapateroren arpegira bota ezinik). Beste egoeraren batean egon geintekez hauteskundeen ondoren. Baldin eta atentadu basatiren batek dana pikutara bialtzen ez badau. Eta, ondorioz, egunen batean gure Euskadira etorri beharreko bakea atzeratu egiten ez bada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!