Komunikabideak zabalik!!

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-06-04 01:37 Nazinoarteko kontuak baltzak ala zuriak izaten dira. Bertoko kontuak jorratzeko orduan ñabardurak nagusi badira be, ezin da esan atzerrikoakaz bardin jokatuten dogunik. Honexegaitik laban egiten dogu Venezuelako kontuak aitatzen doguzanean. Busheri kontra egin izanagaitik Chavezen alde agertzen da jente asko. Eta ez dot uste Busk kritikau izanagaitik Chavezek egiten dauen guztia parkatu edo zuritu behar dogunik. Hara joan dan astean ikusi izan doguna: Radio Televisión Caracas (RTVC) zarratu egin izan dau Venezuelako gobernuak. Atxakia: orain urte batzuk izan zan estadu kolpean ‘busti’ egin zan. Arrazoia: Chavezen gobernua egunero egunero gogor kritiketan dau. Komunikabideak zarratzea ez da txantxetako kontua Europan. Eta Europan badagoz artega dagozanak. Espainiatik be euren ardurea jakinarazo dautsie Venezuelako gobernuari jazoera horreengaitik. Urrats hau ez da, antza, bakarra. Informazino batzuen arabera, beste komunikabide kritiko batek beste horrenbeste sufriduko leuke hemendik gitxira. Venezuelako gobernuaren erantzuna kolpe serioa da Espainiakoaren jokabidearen kontra: Espainian be komunikabideak zarratu egin izan dira indarkeriagaz nahastauta ibilteagaitik. Egin, Egunkaria eta besteakaz jazotakoa gogoan dabe Venezuelan. Akordetan zarie zelako katramilak izan ziran gure artean euskal komunikabide horreek zarratu ebezanean? Eskubideak ezin dirala holan urratu esaten euskuen. Eta guk holan sinistuten genduan (eta sinistuten dogu). Orain zarata gitxi izan da gure artean, edo holan pentsetan dot nik. Badakigu ondo baino hobeto Chavez ‘progrea’ dala eta Bush ‘fatxa’-ri aurre egiten deutsala. Eta Chavezi aurre egiten deutsen komunikabideak be ‘fatxak’ dira. Hori atxakia ete da Adierazpen askatasunaren alde ez egotearren?  Espainiatik kezka handiagaz ikusten dira Venezuelako jazoerak, ‘komunikabideak ez diralako zarratu behar’. Hori bai, ‘terroristen lagunak’ diran komunikabide horreek kupida barik zarratu egin ziran. Eta damurik ez dago.  Eskubideak modu ‘berezian’ apliketan dira ideologiak eta aurre-eretxiak tartean dagozanean. Egin, Egunkaria eta Radio Television Caracas ez ebezan zarratu behar. Komunikabideak zarratzen dituanak ahaztu egiten dau adierazpen askatasuna, ‘progrea’ ala ‘fatxa’ izanda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu