Ez neban The Who ezagutzen

Erabiltzailearen aurpegia Mundua Konpondu Guran 2007-05-20 20:37   Musikea The kids are alright. Gazteek 60 urte bete ditue daborduko eta itxura aldetik matxuratuta badagoz be, musika aldetik primeran dabilzala baieztau neike. Beti izan dot The Who taldea apur bat baztertuta. Rollings, Purple, Zeppelin, Queen, UFO, Kiss eta beste batzuekaz asetu egin izan dot urteetako nire rock egarria. Oker egon izan naz denpora honeetan. Moon eta Entwistle zendu ziranean, hareen historia akabauta egoala pensetan zan. Eta egia da Quadrophenia eta Tommy lako diskak iragana dirala. Baina zorionez ala zoritxarrez, rock musikea ez da diskotara mugatuten. Zuzenekoak be hortxe dagoz. Musika indartsua jo eben The Whokoek atzo BEC-en. Pete Townsendek txistea bota euskun kontzertuaren hasikeran: ‘I hope you know who are we’: Espero dot jakingo dozuela nortzuk garan. Nik banekien nortzuk ziran, baina ez neban espero eskaini eben kontzertua. Benetako ezustekoa izan zan: rock indartsua, zuzena eta ikuskizun bikaina, argi eta irudiekaz. Aurreko egunetan etxetik galduta ebilen taldearen zuzeneko bat entzuten neban girotzeko. Kontzertuan entzundakoa, halanda be, askoz gehiago gustau jatan diska baino. Baten batek esango daust erridikulua dala ‘Hiltea espero dot zahartu baino arinago kantetea 62 urte beteten diran egunean. Hori bezain erridikulua da betiereko maitasunari kantetea norbere bizitzatik horreenbeste maitale pasau izan diranean. Garai hartako kantek aspaldian galdu eben euren mezua. Gaur egun musikea gozetea da inportanteena. Benetan dinotsuet. Townsendek gitarrea joteko orduan egindako ‘errotatxoak’ gozau egin nebazan. Honeez ganera, kontzertuan zehar erakutsi izan euskun zergaitik azaltzen dan behin eta barriro historiako rock gitarrajolerik onenen zerrendan. Ez zan bete BEC Arena aretoa. Askok Athletic-egaz sufidutea aukeratu  eben. Etxera helduta, zurigorrien porrotaren barri izan neban. Katastrofea Maneren mutilentzat. Bien bitartean, hauteskunde kanpainearen gorabeherak eta bestelako arazoak alde batera laga genduzan leienda dan talde baten musikea entzuten. Datorren astean hauteskundeen ganeko eretxi gehiago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu