Langileen eguna: sindikatuen beharrean gagoz
2007-04-29 20:44 Lan kontuak baztertuta. Benetan autortzen dot: gurago dot lagunekaz politika edo erlijinoaren ganean berba egin soldaten ganean edota lan baldintzen ganean baino. Eurekaz konparauta, lar ondo bizi nazala pentsetan dot. Inguruko lagun askoren egoerea ez da bape samurra. Txistea eginaz, lana madarikazino biblikoa dala esaten dot lagunartean nagoanean. Errealidade gordinak, halanda be, ez dauka zerikusirik Kristinauen Liburu Sagradugaz eta ez da bape barregarria. Erderaz badagoz honeek egoerok sufriduten dabezanak aitatzeko berba bi: ‘mileuristak’ eta ‘menosdemileuristak’. Erderazko D azterketea gainditu barik be, erraz ulertu leiteke badagozala gure artean bizimodu duina eroateko beste irabazten ez dabenak. Eta soldatea baino ez balitz! Kontratu egonkorra lortzea ames hutsa da askorentzat. Aste beteko kontratu piloa sinatzen dabez gure ingurukoek; egun bakarrekoak be bai. Oporretan langileak langabezira bialtzen dabez hainbat enpresatan. Hor eta hemen jardunaldiek ez daukie amaierarik. Eta sekuridadeari jagokonez, egunkariak irakurri baino ez da egin behar hainbat lekutan personen bizitzeak ezer gitxi balio dauela ikusteko. Ez jat buruan sartzen lan istripuen ondorioz horrenbeste hildako izan leitekezanik. Ezin dot ulertu zelan gaur egungo gure gizarte aurreratu honeetan andrak kale gorrira bialtzen dabezan haurdun geratzen diranean. Egoera hau ikusita ez dot adituten nik zelan esan leiteken sindikatuek ez daukiela zentzurik gaur egungo gizartean. Esan behar da ez dabela beti asmetan euren mezua zabaltzeko orduan. Sarritan ez daukie behar beste armarik injustiziei aurre egiteko. Sindikatuetan, alderdi politikoetan pasetan dan modura, giza kapitala ez da beti goi mailakoa.  Esandako hau guzti hau benetan sentiduten dot, baina aurrekoa onartuta, horren jasangatxak diran egoera horreei aurre egiteko zeozelango tresnak behar dira. Ezin da dana konfidantzazko giroan botatako oihuan geratu. Protesteteaz ganera, beste zeozer gehiago behar dogu gure gizarte honetan. Eta hor sindikatuek badaukie zentzurik.ÂLangileen eguna ospatzen da datorren martitzenean. Ohiturea danez, sindikatuak ez dira batuta ibiliko egun horretan. Eta asko izango dira arrazoi horregaitik madarikatuko dabezanak. Badaukie zer pentsau sindikatuek. Akaso iraganeko tresnak baztertu egin beharko leukiez eta tresna barriak asmau. Baina sindikatuen beharrean gagoz gure gizartean. Sikiera etorkizuneko eragile ekonomikoen arteko hartu-emonak oraingoak baino orekatuagoak izan daitezan. Oraingo desorekea ez da bape zuzena eta.Â
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!