Montenegroko erreferendumaren erruz, delirium tremens
2006-05-28 01:57Nire lagun batek esaten eustan atzo harrituta egoala oraindino ez dodalako ezer idatzi Montenegroko erreferendumaren ganean.
Egia da ez nazala ausartu nire eretxia azaltzen azken egun honeetan Montenegrokoek euren botoa emon ebenetik esperientzia arraroak biziten nabilelako. Izan be, goizean izarten nazenean, elefante arrosak ikusten dodaz nire ohearen inguruan. Goizeko tea hartzeko orduan, esneagaz hartu beharrean, koñakagaz hartzeko sekulako tentazinoa daukat. Hamaiketakorako mistela pare bat eskatzen dodaz lagunen harridurarako. Bazkaltzeko orduan botila bat ardao eta kopatxo bat whiskey hartzen dot. Eta lana amaitu eta gero hogei bat txikito eta garagardo pare bategaz komentetan dodaz lagunakaz eguneko jazoerak.
Javier Solanak esango leuken modura, delirium tremens-ak jota nabil. Alkoholak zorabiatuta nabil. Begira zelako tontakeria. Sevillaren neurriko lurraldeak, Bilbo Handiaren populazino erdia daukana eta gu baino askoz pobreagoa dana estadua izango dan ala ez erabagiteko eskubidea dauka eta, ganera, Europako Batasunaren bedeinkazinogaz. Euskaldunok gehiago gara, gure lurraldea handiagoa da eta aberatsagoak gara Montenegroko biztanleak baino, baina ez daukagu erabagiteko eskubiderik. Zergaitik? Kasu desbardinak diralako, Batasunaren zati bat garalako, Montenegro herri independientea izan zalako, Balkanetako zonaldean arazoak izan leitekezalako edo ze ba' (nik azken honen aldeko apustua egingo neuke). Kontuak kontu, Montenegrok hemendik gitxira eztabaidatuko dau Bruselako elefanteagaz zelan sartuko dan Europako Batasunean. Estadu bati zor jakozan eskubideak izango ditu, besteak beste, parlamentari propioak, komisarioak eta inportanteagoa dana: erabagiak errespetu handiz hartuko dabez, Estadu batenak diralako.
Euskaldunoi, ostera, behin eta barriro esaten dauskue suberte handia daukagula gure interesak Espaina eta Frantziaren bitartez defendiduten diralako. Horra gure Kontzertu Ekonomikogaz jazoten dana. Begira zelan gagozan 'Estaduaren arrazoia'-ren menpean komeni danean. Horra gure ordezkaritzea. Ez daukagu euskaldun legez agertzen diran parlamentari edota komisario euskaldunik. Eta gure industria edo arrantzeagaz zer pasau dan hoba ahaztuten badogu. Montenegrokoa ikusita, eta aurretik Alemaniakoa, Lituaniakoa, Eslobakiakoa etab. ikusi eta gero autodeterminazino eskubidea Europan lekuz kanpo dagoala esateko potroak daukie espainiarrek. Eta gorritu barik, ganera. Unionistak dira formula zaharrak inposatu gura dabezanak, kolektibo bati zer izan gura dauen galdetu barik. Hori bai formula moderno eta demokratikoa! Galdeketearena, ostera, formula zaharra eta demokraziaren kontrakoa da. Sakon pentsau beharko dot ia ulertzen dodan. Bitartean, atara botila bat patxaran, burkide, Montenegroko erreferendumaren alde, hips!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!