Euskadi Gaztearen goizeko saioan, hala-moduzko euskerea

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2010-09-21 14:05

Lan kontuak behartuta milaka eta milaka kilometro egin ohi dodaz urtero leku batetik bestera. Horreek holan, bidaietan emoten dodan denporea arintzearren irratia biztuta eroaten dot. Goizean, gure herrian horrenbeste alditan errepetiduten diran barrietatik iges egin nahian edo, Euskadi Gaztea izaten dot bidelagun.

Ez dakit, egia esan, Joxeinak, Jon Gotzonek eta enparauek zer hizkuntza-erispide darabilten, ez eta hizkuntza-erispiderik daukien be eguneroko jardunerako, izan be, hurreko subertatzen jatan hizkuntza-erregistroaren aldamenean, euskerazko berbak -tarteka- erabilten dituan identifikau ezinezko jario ezezagun bat entzuten dot. Ez da euskerea, ezta gaztelania be. Jon Gotzonek zelan ari dan badakian be ez dakit-eta.

Bestalde, arretea emoten deust, tokian tokiko aldaerak, kontrakzino eta guzti, ohikotasunez, ustez nazionala dan hedabide batean, lau haizeetara barreiatzen dabezan ganerako esatariek -entzuleek hala jardutea besterik da-. Kontu hori euskerearen indarbarritzeari mesedegarri jakon ez dot uste bene-benetan. Lehenago esan eta idatzi dot, hemen be, euskera batua eta tokian tokiko hizkerak ez doguzala ezelan be kontrajarri behar -auzi honi buruz, hedabideetan erabili beharreko hizkera-ereduari buruz bereziki, Euskaltzaindiak hainbatetan gomendioak -eta emon dauz-; bestelakoa da, ostera, hala moduzko berbakera, narrasa, hiztunentzat iraingarria erabiltea. Euskadi Gaztea irratiko zenbait esatarik daukien jarduna gaztelaniaz balebe ez leukie lanean denpora luzez iraungo, baina, euskerearen izenean dana da barkagarri. Lotsaizuna barne dala. Euskeraz komunikatzeko estandarrak malgutzea eta aberastea, hiztun barrien -gehien-gehienak gazteak- adierazkortasunaren mesedetan, zuzentasunaren erispide bakarretik komunikagarritasunarenera eta adierazkortasunarenera igaroz. Horra hor Euskadi Gazteak euskereari eta haren indarbarritzeari egin leikion ekarpenik ederrena, zinez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu