Eredu hiru eledunak ez dau aparteko interesik biztu

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2010-09-09 12:57

Euskal irakaskuntzearen etorkizunean eredu hiru eleduna sendotu eta egungo hizkuntza ereduak gainditzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak abian jarri dauen esperimentazino faseak ez dau aparteko interesik biztu. Izan be, ikastetxe publikoen aldetik izan dauen harrerea oso hotza izan da, eta egitasmoan parte hartzeko egindako deialdian aurkeztutako ikastetxe publikoen kopurua aurreikusitakoa baino dezente txikiagoa izan da.

Hezkuntza Sailak esperientzia honetan 40 zentrok esku hartzea aurreikusita eukan, horreetatik 25 publikoak. Halandabe, 18k baino ez dabe eskaria egin. Beste 56 ikastetxe pribatuk -eskaria egin daben gehienak multzo honetakoak dira, ikastetxe erlijiosoak gehienbat- eta ikastolek eskaria egin dabe. Jakina danez, legealdi hau ez besterik irautea aurreikusita dagoan egitasmo honek ez ditu zehazten derrigorrezko eskolaldian hizkuntzetan lortu beharreko azken helburuak, ez eta gure araubidean ofizialkide diran hizkuntzetan lortu beharreko gitxieneko ezagutzara ailegatzeko bidea zedarritzen. Halandabe, euskereari, gaztelaniari eta ingelesari eskaini behar jaken gitxieneko ordu kopuruak ezarri egiten ditu, hori bai ikasleen hasierako maila eta preminak ezelan be kontuan hartu barik, irizpide pedagogikoak ezelan aintzat hartu barik. Halanda guzti be, eredu hiru eledunaren bitartez gaztelaniari D ereduan dauen pisua baino askozaz gehiago ziurtatu nahi jako (bikotxa). Zergaitik izan dau horrelako harrerea? Ikastetxe askorentzat eredu hiru eleduna ez da aurrerapauso bat. Halanda ze, ikastetxe batzuek egitasmoan sartzeko erabagia hartu badabe eskaini diran abantailengaitik izan da (liberazinoak, batez be).

Beste batzuen kasuan, ostera, euskerazko irakaskuntzan atzeratuen dabiltzan ikastetxe pribatuentzat, esate baterako, pausoak emoten jarraitzeko makulu lez baliatu leikie esperientzia hau. Edozelan be, legealdi hau amaitzean, egitasmoak zein jarraipen izango dauen ez dago batere garbi, ez eta emaitzak egungo hizkuntza ereduen sistemea eraldatzeko baliagarri suertatuko diran be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu