'Euskereak trataera egokia dauka Nafarroan'
2010-05-20 11:24 Euskerea berbagaiHalan dino Sanz Erkidegoko presidenteak, Nafarroako uriburuaren kaleak bete dituan manifestaldiaren aldarrikapenen harira, izan be, hamarkadetan gainbehera etorri eta gero, euskereak bilakaera positibo apala lortu dau azken urteotan Nafarroan, egitura soziodemografikoa oso bizkor aldatu danean (batez be epe laburrean etorri barri ugari ailegau dalako, bertakoen jaiotze-tasa urria gertatu dalako eta bertako biztanleria zahartu dalako).
Euskaldunen ehunekoa % 9,5 izatetik % 11,1 izatera pasau da 1991-2006 epealdian. Bilakaerarik baikorrena euskerea sustatzeari buruzko jarrereak euki dau zalantza barik, sustatzearen alde dagozanak (% 37,7) eta sustatzearen aurka dagozanak (% 34,2) nahiko parekatuta dagoz-eta. 1991 urtean, ostera, aurka egozanak (% 53,7) aldeko ziranak (% 22,3) baino dezente gehiago ziran. Edozelan be, Nafarroan hauteskundeak datorren urtean diranez gero lehia gogorra dago alderdien artean, orain arte batuta aurkeztu diran eta oraingoan bereizita doazen UPN eta PP alderdien artean batez be. Horreek holan, UPN alderdiak, besteak beste, euskerearen kontra jardunez (laguntzak murriztuz eta abar), astinduz, alkarte eta erakundeen kontra arituz izaera propioa azpimarratzea eta botoak eskuratzea aurreikusi dau. Jarrera horrek zer pentsatua emon beharko leuskigu euskerearen indarbarritzearen aldeko langintzan gabiltzan guztioi; batetik, euskerearen aldeko lana alderdikerietatik aldenduz; bestetik, alde bakarreko aldarrikapenekin lotu daiten saihestuz; eta azkenik, euskerearen garapena xedetzat harturik, egitasmo zabal, inklusibo eta eraikitzaileen inguruabarrean ahalik indar gehien batzen ahaleginduz. Azken hori egin ezean, euskerearen garapena baldintza hobeagoetan gertatzea ezinezkoa izango da eta, nahi ez dala, gainbeheran etorriko jaku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!