Auzitegietatik dator notizia

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2010-02-25 11:36   Musikea

Auzitegiek lan nahikorik ez, eta hizkuntzeagaz loturiko barriekin nahastauta ageri dira azkenaldion. Batetik, Euskalerria Irratia lizentzia barik itxi eban administrazino-prozedurea baliobakotu dau Nafarroako Epaitegi Gorenak; bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Epaitegi Gorenak EAEko curriculumean Euskal Herria kontzeptuari emondako edukina aztertu eta arrazoia emon deutso Nafarroako Gobernuak jarritako helegiteari, Nafarroako errealidade juridikoa eta administratiboa aintzat hartzen ez dabezan edukinak araubide juridikotik baztertuz; eta azkenik, orain dala zazpi urte indarrez zarratu eben Egunkariako zuzendaritzako kideen kontrako epaiketa hitsa burutu da.

Lehenengo epaiak ez dau adierazo nahi Euskalerria Irratiari lizentzia berehalakoan emongo jakola, ezpada lizentziak esleitzeko erabilitako administrazino-prozedurea lege arauei kasu eginez barriro egin daiten agintzen dau. Halandaze, Nafarroako Gobernuak euskereagaz zer ikusia dauen oro jazartzeko daukan jarrerea ikusita, seguruenez kontua lehengoan bezela, baina prozeduran hanka-sartzerik egin barik, geratu leiteke, hau da, Euskalerria Irratiak baimenik eskuratu barik, hain zuzen. Dana dala hori ikusteko denporea beharko da, Nafarroako Gonbernuak helegitea jarriko dauelako seguruenik. Horreek holan dirala, agintari barriak edo beste era bateko akordioak tarteko gertatu ezean Euskalerria Irratiak jarraituko dau lizentzia barik. 

Edozelan be, Nafarroan euskereari eraso eginez botoak eskuratzen dabezela uste izaten jarraitzen dabe batzuek. Halandaze, gauzak aldatu ezean, horreen artean euskerearen inguruan zabaltzen diran mezuak edota euskerea jite jakin bateko aldarrikapenakaz buztartzeko batzuek erakutsi ohi daben gogo bizia, eraso horreei aurre egitea eta euskerearen alde subertau leitekeen bestelako politikeari ateak edegitea oso gatxa izango da. Euskerearen indarbarritze kontuetan mezu barritzaile eta erakargarriez gainera, askotariko indarrak, bazterkeria joera oro saihestuz, batzeko ahalegina egin behar da.

Bigarren kontuak beste gauza bat ixten dau agerian, nire ustez. Abertzaletasunaren zati batek, hainbatetan, itxurakeriei gehiago erreparetan deutsela kontu eragingarriei baino. Eta halakoetan bardin deust euskal edo espainol nazionalismoa deitu. Euskereak izan behar eban hezkuntza sistemako hizkuntza nagusia aurreko legealdian, administrazino-prozedura ia guztia (lege-testuak barne) gaztelania hutsez idazten eta barreiatzen ebezan eta EAEko hezkuntza gobernatzen eben EAko abertzale sutsuentzat (ustez), besteak beste, alperrekako polemikak biztuz, euskerazko irakaskuntzea zalantzan jarriz, polemika iturri bihurtuz. Nafarroagazko aitamenakaz be beste horrenbeste gertatu da. Izan be, Euskal Herriaren errealidade politiko, linguistiko eta kulturala curriculumean lantzea bilatzen bazan, baegoan bestela jarduterik. Halandabe, eztabaidea, sestra baino ez zan bilatzen zana, neure eretxi apalean.

Epaiketea, ostera, itxurabakoa izateaz gan, bidebakoa begitandu jat. Egunkaria ez eben zarratu behar orain dala zazpi urte pasatxo, nahiz eta ez izan, batzuek dinoenaren kontra, ez euskaldun guztiona, ez guztiontzat egindakoa, ez guztioi edegia, ez eta morrontza bakoa. Beste hainbat be ez dira, nahiz eta zenbaitek uste izan eurenak ez diranean gupida barik astintzeko eskubidea daukiela. Eurenari oharrak edota kritikak egiten jakozanean, ostera, kontuz! Horretarako eskubiderik inork ez dauka-eta, inpernuko surtara betirako kondenatua izango ez bada.

Beste batzuk edegita dagozan lez, edegita egon behar eban Egunkariak, kioskoetan behar eban libre eta kito! Ez naz ni ETAren atzaparretan Egunkaria egoala esango dauen horreetarikoa, hori guzurra da-eta. Halandabe, urte honeetan guztietan gauza bat bota dot behin baino gehiagotan faltan, hain zuzen be, Egunkaria libre muga barik eta ondorio guztiakaz aldarrikatzea, ez auzitegietatik bakarrik, baita eskusartze politiko orotatik be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu