Kolonbian talde etnikoen hizkuntzei buruzko legea onartu da

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2010-01-08 13:42

Igaro barri dan urtean, abenduaren 9an, hain zuzen, Kolonbiako goi-ganberak talde etnikoen hizkuntzak autortzeko, sustatzeko, babesteko, erabilteko, iraunarazoteko eta indartzeko, bai eta hiztunen hizkuntza eskubideei buruzko legea onartu eban.

Horreek holan dirala, presidentearen sinadurea baino ez da behar argitaratu eta indarrean jarteko.  

Azken urteotan egin dan lanari jarraipena eta aterpea emonaz, hogeita sei artikuluko legeak Kolonbiako hizkuntzak babesteko eta indarbarritzeko zorua eskaintzen dau; eta aurrerapauso handia da zalantza barik.   2008. urtean egon nintzan lehenbiziko aldiz Kolonbian. Horri buruz be idatzi neban artikulu bat hemen (Hizkuntzak indarbarritzeko ahalegina KolonbianĀ, 2008ko bagilaren 12an). Harrezkero, 2009. urtean be han izan naz, hainbat egun iraun eban mintegi batean, Biblioteka Nazionalean, lege hau egiteko prozesua hastapenetan zala, Euskal Autonomia Erkidegoan euskerea indarbarritzeko asmoz indarrean dagoan lege araubidea aurkeztuz eta probetxugarri suerta eitekeazan zenbait ikasbide azalduz. Mintegia burutu ostean, hainbat komunidade indigenatan abian zan inkesta soziolinguistikoaren inprimakiak jasoteko prozesuan be esku hartu neban.

Era berean, inkesta bera egiteko orduan, komunidadeok izan ebezan zailtasunen barri be zuzenean jaso neban. Komunidade batzuetara ailegetako zailtasunak egon ziran arren (txalupak, hegazkinak, bizikletak, motoak eta abar erabili behar izan ebezan), ikaragarria zan oztopoak gainditzeko eta euren hizkuntzak indarbarritzeko talde indigenek orobat erakutsi eben gogo bizia. Gogo eta borondate horri Konstituzinoaren zenbait xedapen garatuz eta lege baten bidez erantzutea garrantzi handikoa zan, baldin iraganean izandako ahaztura eta mespretxuak onbidez bideratuko baebazan. Orain, legea indarrean jartea eta garatzea falta da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu