Arrazoizko egokitzapena
2009-11-26 14:00 MusikeaQuebec da gure hizkuntzearen indarbarritze kontuetan aitatzen dan herrialdea. Halanda be, kultur eta hizkuntza kontuetan danetarik dagoan lez tentsinoak eta eztabaidak ez dira han be falta, besteak beste, frantses eta ingeles hizkuntza-erkidegoen artean egoten diran tentsinoei bestelako gizataldeen egoneza be gaineratu behar jake eta. Europarrak lurralde hareetara hurreratu ziranerako munduaz bestelako ikuskerea euken eta bestelako hizkuntzak erabilten ebezan hizkuntza erkidegoak egozan, gerora euretariko hainbat gainbehera etorri dana.
Horreek holan, bertako gizatalde ezbardin horreen interesak ekonomikoak, kulturalak eta hizkuntzeari buruzkoak zelan ezkondu, eskubideetan bardinkideak diran pertsonen eskubideak zelan buztartu, bizikidetzea ahalbidetzeko zoru komun bat gizatalde guztiek partekatuz? Galdera eta xede horri erantzun nahian, eztabaida prozesu oso zabala bideratu dabe. Ez aditu gitxi batzuen artean eztabaidatu ostean, txosten potolo bat ateratzeko asmoz, ezpada gizartearen partaidetza sustatuz, bilatuz eta egituratuz oinarrizko printzipio partekatuak ateratzeko gogoz.
Gizatalde bakotxak, beraz, bere biziraupena eta garapena ahalbidetzeaz gain, gainerako gizataldeen ongizatea bilatzea be dau xede; ez da, beraz, inor gainjartzen. Hori lortzeko, gizatalde bakotxak zerbaiti uko egin behar deutso, gainerakoen biziraupena ez eze, gizarte moderno zabal bateko kideen garapena be errazteko. Prozesu honek, hainbat printzipio partekatzeaz gain, bizikidetzea ahalbidetzea eta gizarte kohesionatuago bat eregitea dakar, ezinbestean; eta haren emaitza arrazoizko egokitzapen gisa definitu ohi da. Eta gurera etorriz. Zein da gure gizarte askotariko honetan arrazoizko egokitzapen hori? Hizkuntza kontuetan Euskara 21 izeneko egitasmoarekin zoru komun hori eregitea bilatzen zan; halanda be, jarraipena izango ete dau horrek? Arrazoizko egokitzapenak printzipio guzti-guztiak osotasun batean onartzea suposatzen dau, ez norberari interesatzen jakon atala; bestela, gizataldeen artean desorekak gertatzen baitira. Halako kontuak be gertatzen ari jakuz Euskara 21 izeneko egitasmoagaz (askotan aitatu baina ez horrenbeste alditan irakurrita, eta are gitxiago ulertuta); izan be, interesatzen dana aitatu egiten da, eta gainerako guztiagaz existitu ez bailitzan jokatu ohi da askotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!