A ereduan euskereari eremu zabalagoa

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2009-07-03 11:57

Orain dala gitxi, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak iragarri dauen lez, etorkizunean A ereduan, euskereari leku zabalagoa emoteaz gain, lehentasuna emongo deutse barrikuntza pedagogikoari, irakasleen birziklatzeari eta ikasleen hizkuntza gaitasuna areagotzeko barnetegietan egonaldiak antolatzeari. Horrenbestez, derrigorrezko eskolaldiari begirako lege-proposamena ehundu bitartean egin leitekeanari emon nahi jako garrantzia.

Aurreko legealdiko Hezkuntza sailburuak gure araubide juridikoa bortxatzen eban eta, askoz larriagoa dana, eragingarri izateko gitxienekoak beteten ez ebazan (esperientzia pilotua, derrigorrezko eskolaldirako azken helburuen ezarpena, giza eta ekonomi baliabideak, e.a.) lege-egitasmoa indarrean jarten berebiziko ahaleginak egin ebazan. Eta ahaztu egiten jakon araubidearen barruan egozala egin eta hartu eitekezan neurriak A ereduko ikasleen euskera maila jasotzko baliagarriak ziranak. Izan be, gatx ulertu leiteke, ingelesaren ezagutza goiztiarra ahalbidetzeko, A ereduko ikastetxeetan zenbat ahalegin eta bitarteko jarri diran (horreen artean, ingelesa ikas eta irakaskuntza hizkuntza bihurtuz), euskerearen kasuan sekula be jarri ez diranak.

Iragarritako neurriak positiboak begitatzen jataz. Izan be, A ereduko ikastetxeetan euskereak orain arte izan dauen presentziagaz gure araubide juridikoak ezarritako "bi hizkuntza ofizialetan jardun ahal izateko lortu beharreko nahikotasun maila"-ra ailegatzea ezin zan ziurtatu. Era berean, A ereduko ikastetxe asko etorkinak eta gizarte bazterkeriatik gertu dagozan gizataldeak pilatzeko gune bihurtu dira, hainbat ikasleren integrazinoa ezinezko eginez. Halanda be, positiboa iruditu arren, askiez erizten deutsat. Hain zuzen be, gure araubide juridikoak bi hizkuntza ofizialetan lortu beharreko nahikotasun maila zein dan ez dogulako zehaztu oraindino, eta zehazteaz gain, gure anizkoiztasun soziolinguistikoa kontuan hartuz, helburu horreetara heldu ahal izateko zein bide segidu behar dogun ez dogulako zehaztu.

Edozelan be, 1983ko elebitasun dekretuak ezarritako A, B eta D ereduetan oro har egokitzapenak eta eguneratzeak egin behar dirala begitantzen jat. Izan be, hiru edota lau hizkuntza daukaguz une honetan gure ikastetxeetan ikas edota irakaskuntza tresna gisa. Gero eta edegiagoak diran gizarte modernoetan moldatzeko gero eta hizkuntza gehiagotan gaitzea ezinbestekoa da. Gauzak holan, mugae non jarri beharko geunkean, hizkuntza bakotxean helburua-mailak zeintzuk izan beharko litzatekezan, hizkuntzen arteko curriculumak, metodologiak barritzea, ebaluazinorako erizpideak, egungo eta bihar-etziko irakasleen formazinoa, ikasmaterialgintza, eta abar horreetan guztietan eragin beharko dogu etorkizunean gaur zein bihar-etziko belaunaldiek bizitzarako gaitasun oparoagoak izan dagiezan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu