Hezkuntza sailburua eta Ikastolak

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2009-06-08 11:19

Herri Urrats eta Ibilaldia ikastolen eta euskerearen aldeko festak igaro barri dira, eta Kultura eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, agenda kontuak atxakiatzat hartuta, ez dira agertu. Hori dala eta, kritika eta zalaparta egon da baztarretan. Agenda kontuak atxakia arinak dira nire ustez.

Benetako borondaterik balego, ustezko ezintasun horreek bideratzea erraza litzateke. Ibilaldiaren egunean PSE-EE alderdiak eguerdi partean eukan ekitaldira sasoiz ailegatzeaz gan, Ibilaldiaren hasierako ekitaldian sailburu biak agertzea be posible ebela are gehiago. Halandabe, eta hedabideetan azpimarratu danaren guztiz kontra, halakoetara ez azaltzeak ez dau sailburu bien euskaltzaletasuna kolokan jarten nire ustez. Jarrera horreen atzealdean beste zeozer dago. Gobernu barria eratu danean, ikastetxe publikoei erabateko lehentasuna eta ganerako sareei maila bereko autormena ez emoteko borondatea agertu da nonahi. Eusko Jaurlaritzako agintari barriek sare pribatuaren moltzoan diran guzti-guztiak zaku berean sartzen dabez, ahaztuz batzuen sorreraren zergaitia, antolaketa modua eta zerbitzu publikoa eskaintzeko daben egiazko eta frogatutako bokazinoa, ikastetxearen jaubetzatik haragokoa dana eta izaera publikoan erabat txertatzen dana. Hari berari tiraka, ikastolak bidelagun deserosoak dira hezkuntzako agintari barrientzat, pasa dan mendeko 90eko hamarkadan, mobimentua ahultzen, zatitzen eta suntsitzen ahalegindu zirala, are gehiago.

Edozelan be, batzuei deseroso gertatu arren, ikastolak hezkuntza kontuetan aitzindari izaten (materialgintzan, hizkuntzen trataeran, aisialdian, e.a.) jarraitzen dabe, euren ekarpenak estarta egokia bihurtuz bai Jaurlaritzaren altzoan dagoan hezkuntza-erkidegoarentzat, baita hortik kanpo dagoanarentzat be. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza sistema osoa ordezten dau, beraz, batzuen alde egin gura izate horrek ez leuke zertan ganerako sareak baztertzea ekarri behar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu