Hezkuntzan euskereari emon behar jakon trataera

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2009-05-27 11:58

Hezkuntza, Unibertsidade eta Ikerketa sailak aurreko legealdian euskerea dala eta ez dala ganora bako hainbat polemikea piztu dau. Horreetariko bat euskereak derrigorrezko eskolaldian izan behar dauen lekuari buruzkoa izan da. Euskerea ikas-irakaskuntzako hizkuntza nagusia izan behar dauela edota Batxilergoan hizkuntzetan lortu beharreko gitxieneko mailak (lortu leitekena eta lortzekotan bete beharreko baldintzak zeintzuk diran ziurtatu barik eta osterantzeko maila guzti-guztiak baldintzatzen dituena), e.a. bide sendo eta egingarria egituratzen lagundu beharrean, eragingarritasun praktikorik ez daukan eta eztabaida politiko bizietarako oinarri gertatu dira.

Orain bueltea dator.  Aurreko Sailak onartutako Dekretuak berrikusten ari dira eta hainbat xedapen ezerezean itzi behar dabez. Halandabe, oinarri-oinarrian dagoena, zera da, neure ustez: gure araubide juridikoak bi hizkuntza ofizial daukaguzela azpimarratzen dau eta, horreek holan, ikasleek hizkuntza ofizial bietan gitxieneko maila (Espainiako Hezkuntza Legearen arabera berdinkidea) lortu behar dabela. Ezin dabe, beraz, ofiziala dan hizkuntzetako bat baztarrean itxi.  Euskera-gaztelania hizkuntza-bikotea kontuan hartuz, hizkuntza bakotxaren bizi-indarra eta abiapuntuko errealidadea zelakoa dan kontuan hartuz, euskereari ikas-irakaskuntzako prozesuetan gitxieneko pisurik emon barik gure araubidean xedatutakoa lortzea ezin leiteke lortu. Horregaitik, A eredua askiez geratu da, ez dau balio, gizarte berdinkideagoa eta kohesionatuagoa lortzeko ekarpenik egiten ez dau eta. Horregaitik gainditu behar da. Halanda guztiz be, egungo gure gizarte baldintzen egoerak ikusita, testuinguru eleanitz batean arrakastaz murgiltzeko hezkuntza sisteman laurogeiko hamarkadatik hona indarrean egon diran eredu guztietan beharrezko dira eguneratzeak eta gaurkotzeak.

Gaztelaniaren aldeko irakaskuntzearen alde agertzen diranek, ostera, ez dabe gure araubidean xedatutakoa onartu nahi. Izan be, ez dabe bi hizkuntzetan lortu beharreko mailak berdinkideak izatea nahi; euskara ikastea, ostera, eskubideen linboan itxi nahi dabe, hori bai, gaztelania jakitearen obligazinoa zalantzan ipini barik. Halandabe, gure ikasleek nahi daben ereduan ikasteko eskubidea daukie eta, horregaitik, gurasoek ikasteredua aukeratzeko eskubidea daukie. Hori halan da, baina hizkuntza ofizial biak nahikotasunez eskuratzeko obligazinoa be bada. Eskubide gehienak, biziarena izan ezik, unibertsalak ez diranez gero, bateko eskubideak eta obligazinoak buztarri berean txertatu behar dira. Guraso batek erabagi ete leike bere semeak edo alabak idazten ez ikastea? Gaztelania eta euskara nahikotasunez ez ikastea ez da eskubide bat, muga nabarmen bat baino, gizartearen kohesinoan eta bizikidetzan eragin kaltegarriak dakarren mugea zalantza barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu