Eusko Jaurlaritzan aldaketak hizkuntza politikan?
2009-05-27 11:57 Euskaldunak munduanAzken hileetan dezenteko lana euki dot eta danagaz konplidu ezinean, ailegatu ezinean ibili naz. Bateko azterketa soziolinguistikoak, besteko argitarapenak, hitzaldiak, batzarrak, txostenak, artikuluak eta beste, ahalegindu arren, denporeak ez dau danerako emoten. Hagatik, sail hau deskuidatuta euki izan dot. Barkau daistela, beraz, jarraitzaileek eta irakurleek. Datozan egunotan beste zeregin batzuetara bueltauko nazenean, zuokaz daukadan zorra kitatzen hasteko erabagia hartu dot. Ahona, aldi barriko lehenbiziko iruzkina.
Alderdi sozialisteak alderdi popularragaz izenpetu dauen itunean aparteko esangurea hartu dau hizkuntza politikearen gaiak. Idatzitakoari erreparauko deutsat lehenbizi, hedabideetan zabaltzen ari dan diskurtsoari heldu aurretik. Izenpetutako testuak, besteak beste, tokian tokiko errealidadera egokitutako hizkuntza politikaz, inposizinorik ezaz, herritarren atxikimendu libreaz, eta abarrez dihardu. Honi jagokonez, zera kezkatzen nau gehien, ze, hizkuntza politikearen ardurea euki daben alderdi abertzaleek 1982tik hona garatu daben/dogun hizkuntza politikearen balio horreek ez errebindiketeak eta erizpide eta habe horreen eremua euskereari aparteko atxikimendurik ez deutsen alderdiei itxi izanak. Alderdi abertzaleak lozorroan dagoz, egoera barriari neurria hartu ezinean eta orain artekoaren jarraipena izango dan diskurtsoa egituratu ezinean dabiz. Izan be, orain arteko hizkuntza politikea ez ete da garatu, bada, tokian tokiko errealidadea kontuan hartuz? Edo bestela esanda, Ondarroan edo Turtziozen garatu dan hizkuntza politikeak (administrazinoan, hezkuntzan, e.a.) eragin, epe eta xede berberak euki ete ditu? Orain arteko hizkuntza politikearen ezaugarria inposizinoan ardaztu ete da? Progresibotasuna eta herritarren atxikimendua ez ete dira izan, besteren artean, 1982ko Euskerearen Legeaz geroztik gure artean garatu dan hizkuntza politikearen habeak?
Sozialistek eta popularrek izenpetu daben itunak ez dau ezer bilatzen hizkuntza politikearen oinarrizko ezaugarriez jabetzea eta orain arte egin dana itxuraldatzea baino. Hain zuzen be, orain arte egindakoa inposizinoa dala azpimarratu nahi dabe zehar bidez, hartara, inposizino bako hizkuntza politika bat ezartzeko peskizan. Baina, mezu horren atzealdean euskerea indarbarritzeko ezinbestekoa dan ahulenaren aldeko politikea apaltzea eta, beraz, hizkuntza nagusiaren, normalizatuaren, gaztelaniaren aldeko inertzia areagotzea dago. Egoera bardinean ez dagozan hizkuntzak berdintasunera ez ailegatzeko urratsak egitea eskubidez berdinkideak diran hainbat herritarren eskubideak murrizten ditu eta hori ez da bakarrik inposizinoa, injustizia be bada. Indartsuena danaren legea ezartzea eta betikotzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!