Lehendakaria izatera ailegatzeko euskerea bidelagun

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2008-10-13 00:00   Euskerea berbagai

Aurreko astean Patxi Lopezek, PSE-EE alderdiaren lehendakaritzarako hautagaiak, euskerearen gainean egin dauen adierazpenak hainbat gogoeta eragin deustaz. Alde batetik, Lehendakaritzara ailegatzeko euskerea bidelagun izatea komenigarria dala eretxi deutso PSE-EE alderdiak, euskerea euskal gizartean indarra hartzen doan heinean, garai barrietara egokitzea garrantzi handikoa da.

Euskerearen eremutik oso urrin egon diran alderdiak euskerea euren agenda politikoaren lehentasunetan aintzat hartzea be garrantzi handikoa da, nire ustez. Halandabe, ez da oraingoa lehenengo saiakerea. Izan be, pasa dan mendean, 1993 eta 1994 urteetan, PSE-EE alderdiak era horretako beste saiakera bat be egin eban, besteak beste, Euskaldunon Egunkariagaz, AEKgaz eta euskerearen eta euskal kulturearen eremuko hainbat alkarte, erakunde eta gizabanakoakaz batzartuz. Orduan be hauteskundeak hurran egoazan. Hauteskundeak igaro ostean, barriz, hasitako bide horrek ez eban jarraipenik izan, ia-ia gaur arte. PSE-EE alderdiak aurkeztu dauen dokumentuan esaten diranen gainean, ostera, hainbat iruzkin egin leitekez; batetik, euskerea indarbarritzeko egin behar ez dan kontuetan indarra jartzen dau, egin beharko litzatekezan kontuetan arreta jarri beharrean; bestetik, euskerearen erabilerea dala eta ez dala dinoanak bere zabarkeria, edo urteetan PPren arrimuan erakutsi dauen euskerearen kontrako jarrerea, zuritzeko baliatu nahi dau. 

Azkenik, autokritika falta jako testuari. Azken horri jagokonez, berak gobernatzen dauazan bertoko eta estaduko administrazinoetan kultur eta hizkuntza aniztasunaren alde zer politika egiten dihardu? Bilboko ezkerraldeko alkateek hedabideen aurrean egin daben agerraldia esanguratsua da oso. Udalerri horreetan bizi diranek edo urteetan bizi izan garenok ondo dakigu zein izan dan udal agintari horreek euskereagaz erakutsi daben jokabide lotsagarria: euskeraz berba egin nahi daben herritarrak gitxietsi dabez, herritarrei bideratzen jakezan danetariko zerbitzuetan euskerea albo batera itxi dabe, udalek bultzatutako askotariko publikazinoetan euskereari emon deutsen lekua eskasa (bai edukinetan bai hizkuntzearen beraren kalidadean), administrazinoa euskalduntzeko pauso geldoak emon dabez, eta abar. Baina, ez da PSE-EE alderdiaren kontraesan bakarra, besteak beste, estaduaren jabetzapeko hedabideetan ofizialak diran hizkuntzei emoten jaken trataerea edota 1982ko Euskerearen Legea bete barik jarraitzen dauen Administrazino periferikoa dira konpromiso ezaren lekuko garbiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu