Hainbat itaun inkesta dala eta
2008-09-11 15:20 Jan edanakGai bi jorratu nahi dodaz Bizkaiko errealidadeari buruz berbetan hasi baino lehenago. IV. Inkesta soziolinguistikoaren harira, azkenaldion, itaun bi egin deustiez; batetik, IV. Inkesta Soziolinguistikoko datuak oinarritzat hartuz, eskualdeka, herrika edo auzoka datuak atera leitekezan; bestetik, etorkinen bilakaerea, euren garrantzia eta etorkizunean migrazinoak euki leikean bilakaerari buruzko eretxia.
Lehenengo itaunari jagokonez, IV. Inkesta Soziolinguistikoa inkesta bat da, izenak dinoan moduan, eta hamasei urtetik gorako biztanleria hartzen dau; halan da ze, ez dau Euskal Herriko biztanleria osoa aintzakotzat hartzen. Inkestea dan neurrian, gitxieneko inkesta kopurua behar da hortik atera leitekezan datuak errore-tarte onargarri bategaz erabili ahal izateko. Eskualdekako, udalerriko eta auzoko datuei erreparatzen badeutsegu, ostera, eskuartean daukagun inkesta kopurua txikia da, beraz, errore-margen handia emoten dau eta irakurketak/ondorioak atarateko kontu handiz ibili behar da. Mapa Soziolinguistikoa, errealidade soziolinguistikoa aztertzeko baliatzen dogun beste tresna, izan be, beste kontu bat da, zentsutik eta erroldatik eskuratutako datuak ustiatzen dauazalako. EAEren kasuan biztanleria osoa hartzen dau aintzat eta EAEko datu orokorrez gainera, herrialdeka, eskualdeka eta hiriburuetan auzoka datuak ustiatzeko aukerak eskaintzen dauz.
Datozen hileetan 2006ko datuen bilketan oinarrituta IV. Mapa Soziolinguistikoa izango dogu eskuartean, halan da ze, gaurkotutako datu horreen gaineko interesa euki leikenak itxaron beharko dau ezinbestean edota 2001eko datuak erabili beharko dauz. Etorkinei buruz, barriz, hizkuntza baten bilakaera soziolinguistikoan hainbat alderdiren menpe dago, esaterako, jaiotza/heriotza-tasen bilakaerea, bizi-itxaropena, migrazino-fluxuak eta abar. Gurea lako gizarteetan migrazino-fluxuek garrantzi handia daukie, jaiotza-tasa txikia eta bizi-itxaropena handia diralako. 2001-2006 urte bitartean etorkinen kopurua bizkor hazi da, egin-eginean be hirukoiztu egin da, gure artean. Etorkin horreen jatorriari erreparetan badeutsagu latinoamerikarrak, ekialdeko europarrak eta afrikarrak dira, batez be. Adin batetik gorakoak dira, gainera. Besteren artean, gure eskola sistemearen bitartez euskera eskuratzeko aukerarik izan ez dabenak, beraz, erdaldunak dira, hein handi batean. Biztanleria etorkinei esker hazi da, eurak etorri barik, jaiotza-tasaren eta heriotza-tasaren arteko aldeak biztanleria galtzea suposatzen daualako. Halan da ze, etorkinen ekarriari esker biztanleria hazi egin da (gaur egungo jaiotza-tasaren emendatzea etorkinen ekarriari esker jazo da), baina hori hazkundeori, tarte baterako behintzat, erderearen mesedetan jazo da. Gauzak holan dagozala, jazoera horrek euskerearen indarbarritzearen bilakaeran eragina dauka, tarte horretan jazo dan hazkundea dan baino apalagoa izatea dakarrelako. Etorkizunari begira, etorkinen bilakaerea ikuskizun dagoen kontu bat da. Ekialdeko Europako herrialdeetatik sasoi batean etorritakoak apurka-apurka bueltatzen ari dira. Afrikako herrialdeetako emigrazinoari gero eta oztopo gehiago jartzen jako eta, aurreikuspen ekonomiko kaskarrak etorkinen etorrerea moteltzea edota gelditzea ekarri leike. Era berean, etorkinek bizibidea hemen kokatu ahala integretako aukera handiagoak izango dabez. Gauzak holan, 2011n azterketa barriak egiten doguzenean etorkinen etorrereak eta bilakaerea eta zer eragin izan dauen aztertzeko aukerea izango dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!