EUSKARA 21: hizkuntza politikeari buruzko gizarte eztabaidea abian

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2008-05-07 17:06   Musikea Azken hamarkadetako hizkuntza politikaz gogoetea egiteko ez eze aurrera begira hizkuntza politikeak kontuan hartu beharko leukezan erizpideez be berba egiteko gizarte eztabaidea bultzatu gura dau Eusko Jaurlaritzeak Euskerearen Aholku Batzordean beren beregi antolatutako batzordearen bitartez. Izan be, galbidean joian euskereak indarbarritze zantzu nabari batzuk erakusten dauz azken hamarkadetan, hiztunak eta erabilera-eremuak be irabazi dauz eta. Halandabe, horrek ez dau esan gura lozorroan geratu behar dogunik. Gizartea aldatzen doa. Egungo euskal gizartearen egiturea ez da sasoi batekoa. Hizkuntzearen indarbarritzeak belaunaldi gazteenen moltzoan egin dau aurrera, batez be. Ezagutzearen hazkundearen eta erabilerearen arteko etena, ostera, hor dago, nabaria da. Euskereari lepoa emonda dagoan jente ugari dago gure artean, eta horreen guztiorreen halango partaidetza barik, euskerearen indarbarritzea lan gatxa da. Euskerearen preminarik ez daukan herritar ugari dogu, gizartearen gehiengo zabala, zelan lortu leiteke horreek euskerara hurreratzea? Euskerea eta haregaz batera doan euskal mundua erakargarri eginaz, gero eta lehiakorragoa, globalizatuagoa dan gizartean. Bizikidetzea zurkaiztea eta kohesinoa areagotzea ardatz izanda, hizkuntza politika batek askotarikoen arteko adostasuna eskatzen dauz, bai pentsakeraz, bai hiztun ezaupidez, bai kolore politikoz, hizkuntzarik ahulena indarbarritzeko eran jarri daiten moduak bilatuz, beti be. Ez inoren, ez ezeren kontra, ezpada gizarte are hobeagoaren, kohesionatuagoaren, hiztun-alkarteen iraupenaren, garapenaren eta hedapenaren alde. Danok dogu zer esana, danok dogu gure ekarpena egiteko modurik, arrazoibiderik, errespetuz, danona baita euskerea, danontzat baita euskerea, inorena edo inorentzat izango bada. Eztabaidea abian jarteko idatzi dan txostenaren barri izan gura dauenak: www.euskadi.net/euskara21

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu