Euskerearen indarbarritzea moteltzen ari da?

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2008-07-07 14:32

IV. Inkesta Soziolinguistikoa aztergai.

Inkesta soziolinguistikoa kaleratu barri dagoala, euskerearen indarbarritzea gero eta astiroago doala dinoanik badago egon baztarretan. Halanda be, datu kuantitatiboetatik haruntzago, aurrekoetan hazkundea zein adi-tarteetan gertatu dan aitatzea eta euskal gizartearen azken urteotako baldintza soziodemografikoen ezaugarriez berba egitea komenidu da, gertaera hori testuinguru egokian balorau eta prospekzino egokirik egingo bada. Hamasei urtetik gorako biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago dagoz 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez be, EAEn gertatu da. Iparraldean, ostera, oraindino be galerak dagoz, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak orain dala 15 urte baino 133.900 gitxiago dira Euskal Herrian (% 70, 1991n eta % 58,9, 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin dau EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, barriz, gora egin dau bai kopuruak baita ehunekoak be. 16 urte edo gehiago dabezan biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa askozaz handiagoa da. Egin-eginean be, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikusi leiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dala bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 15 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena. 2001eko erroldako datuei erreparatuz gero, gogoratu EAEko hiru biztanletik bat elebiduna dala eta 16 urtetik beherako % 66. Datuei erreparauta, 1991-1996 epealdian 62.902 elebidun irabazi ziran; 1996-2001 epealdian, ostera, 42.512, eta 2001-2006 epealdian, 31.815. Gauzak holan, datu kuantitatiboei erreparauta, moteltzea gertatzen ari dala baieztatu leiteke? Erantzuna bilatzeko, komenidu da euskal gizartearen ezaugarri soziodemografiakoak gainetik aztertzea.

Testuinguru horretan hiru faktore esanguratsu aitatuko neukez:

Batetik, euskal gizartea zahartzen ari da, bizi itxaropena hamabost urteotan izugarri hazi da. Hain zuzen be, 2006an, besteak beste, 65etik gorakoak 1991. urtean baino %50 gehiago ziran (orain dala hamabost urte 65 urtetik gorakoak elebidunagoak ziran 50 urte edo gehiago ebenak baino); bestetik, etorkinen hazkunde bizkorra gertatu da. EAEn, 1996. urtean 13.220 etorkin egozan, eta 2001. urtean, ostera, 27.438 (aurrekoak halako bi), 2006an 85.542 (aurreko kopurua halako hiru). Nafarroan be beste horrenbeste gertatu da. Etorkinak afrikarrak, Europako ekialdekoak eta Hego Amerikatik etorritakoak dira, batez be. Etorkinen etorrera bizkorra tarteko izan ez balitz, 2001-2006 epealdian, besteak beste, EAEk eta Nafarroak biztanleria galduko eben eta epealdi berean elebidunen pisu absolutoa handiagoa izango zan;

Eta, azkenik, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen dau. Irabaziak etorkinen seme-alaben ekarriagatik gertatzen ari da, hein handi batean. Jaiotze-tasa txikiak elebidunen hazkundea baldintzatzen dau, hain zuzen be, hazkunderik bizkorrena eta aipagarriena adin-tarterik gazteenetan gertatu danez, horreen pisu demografikoa apaltzean, elebidunen hazkundea moteltzea eta pisu demografikoa eskasagoa izatea eragiten dauelako.

Aurrekoak gogoan, euskerearen indarbarritzea hiru faktorek baldintzatuko dabe, hein handi batean: bat, etorkinen integrazinoa ahalbidetzeko politikek euskerea ezagutzea be kontuan hartu eta bideratuko daben; bi, zahartzarora ailegatzen ari diran biztanleen ongizateari eusteko ez eze, ekonomia-katea mantentzeko be (hau da, sistema produktiboan belaunaldiak ordezteko asmoz), jaiotze-tasa era esanguratsuan hazteko politikak areagotuko diran; hiru, persona helduen euskalduntzea areagotuko dan, hartarako erabileran eraginez. Hurrengo artikulua: Bizkaian euskerearen indarbarritzea zertan da?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu