Ispiluaren aurrean biluzik

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2008-03-10 21:40 Orain dala egun batzuk Patxi Baztarrikaren, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen 'Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin' izeneko eretxi artikulua hainbat hedabidetan argitara emon zan. Bertan, besteak beste, Egunkariaren auzian gertatzen ari diran bidegabekeriak jentaurrean salatzeaz batera auzipetuta dagozanei alkartasun irmoa agertu eutsen, ETAkoak ez zirala argi eta garbi itziz. Aurrekoaz gan, batzuek dinoenaren kontra, bidegabe zarratu eben Egunkaria, baita haren oinordekoa dan Berria, euskaldun guztiok ez ginduezala/ez gaituela ordezten, jite jakin bateko ikuspegi politikora lerratuta egoala/dagoala eta hedabide honeek ETAgazko erakutsi ohi daben jarrera akritikoa zala be gaineratu eban. Azken horri jagokonez, hedabide honeen eta honeen atzealdean dagoan komunikazino-taldearen jarrerea konpartidu ez arren, gizarte demokratiko batean, existiduteko ez eze garatzeko eskubide osoa ebala/dauela eta hori ahalbidetzeko ahaleginak eta bi egin dituela eta egiten jarraituko dauela baieztatu eban, gainera. Artikuluak soka luzea ekarri dau. Kritika horreek plazaratzeko unea ez dala egokia, Berria bera baino pluralagoa zein dan, kargu instituzional batek halakorik ezin esan leikela, hedabide jakin baten ildoa baldintzatzeko asmoz egin dala, Auzitegi Nazionalaren bide-erakusle dala (halako pitokeriak be irakurri dira) eta abar esan dira bazterretan. Halan da be, sakoneko baieztapenen kontra inork ez dau kontrako argudiorik baliatu. Hau da, inork ez deutso Baztarrikari, sasoi bateko Egunkaria eta oraingo Berria, ETAgazko kritiko diranik edota begi-bistako lerratze hori egiazkoa ez danik adierazo, beraz, inork ez deutso guzurretan ari danik esan. Euskalgintzea kolorebakarrekoa dala uste edo halango itxurea emon daian bilatzen dabenak, ostera, oldartu egin jakoz Baztarrikari. Izan be, ez dagoz halakoak entzuten ohituta. Euskerearen aldeko langintzan eretxiak eretxi dan-danok egin behar ei dogu bat. Hori bai, bat egite horren bidesaria bidegabekeria batzuen aurrean albora begiratzea izan behar dau, antza. Ezker abertzalearen ildo tradizionalagaz bat ez datorrena iraindu leiteke, eraso egin, akabatu danik euskaltzaleena izanda be. Horreen aurrean euskalgintzearen eremu murritz horretan isiltasunik iraingarriena nagusituko da. Giza eskubideen urraketea beste nonbaitetik datorrenean, barriz, ez dago albora begiratzerik, gatazkearen ondorio larri bat baino ez dala adierazoterik. Euskalgintzea askotarikoa dala eta horri kosta ahala kosta eutsi behar jakola dinoe batzuek, euskalgintzako hainbat erakundetan euren sokakoak edo taldekoak ez diranak baztertzeko eta euren mandatariak jarteko ezelako arazorik ez dauken berberak, horra hor, koherentzia. Bada, halako kontuez jentaurrean berba egiteko beharra aspaldikoa da, halan, bada sasoia halakoez jarduteko. Izan be, Egunkariaren auzia ez da batzuk lau haizetara esaten ari diranaren kontra, euskerearen, euskalgintzearen eta Euskal Herriaren kontrako erasoa, ezker abertzale tradizionalak haren estrategiaren mesedetan hainbat alkarte eta erakunde baliatzeko eta gatibu bilakatzeko egindako ahaleginak eragindako alboko efektua baino, ezker abertzale tradizionalak eta haren agerpen armatuak Estatuagaz daroan enfrentamenduak bilatu bako ordaina, hain zuzen. Egunkariaren itxiera bidegabea dala esatea eta auziperatuei alkartasuna adieraztea kontu bat da; guztiz bestelakoa da, ostera, adimenari iruzurra egin gura izatea. Atxikimendua bai, alkartasuna be bai, bidegabekeriak salatzeko prest, baina, estrategia baten inguruabarrean lekutzen dan diskurtso bati, utikan! Horiek horrela, Baztarrikaren artikuluaren lehenbiziko lerrotik azkanera bat nator. Hizkuntza Politikarako sailburuordearen, Patxi Baztarrikaren, artikulua osorik irakurteko http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1204025143 EKTko presidentearen, Joxan Lizarribaren, erantzuna irakurteko http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1204188158

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu