Frantziako Ekialdeko Pirinioetako Kontseilu Orokorrak katalanari ofizialtasuna autortu deutso

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2008-02-11 19:38   Musikea 2007ko abenduaren 10ean Ekialdeko Pirinioetako Kontseilu Orokorrak katalana Kataluniako Iparraldeko hizkuntza gisa autortu eban. Hartutako erabagiaren bitartez, Katalanaren Aldeko Kartea onartu egin zan. Karta horrek, hitzaurre bat ez eze, bederatzi artikulu be jasoten ditu, besteren artean, katalan hizkuntzearen autormenagaz eta normalizazinoagaz zer ikusia daukenak. Ekimenak aldeko hogei boto eta sei abstentzino jaso ebazan, botoa emoteko moduan ziran bost kontseilarik batzarrera joateko modurik ez eukela adierazo eben aldez aurretik, kontrako botorik ez zan egon. Onartutako proposamenaren hitzaurrean, besteak beste, katalan hizkuntzea sustatzea frantsesaren kaltetan ez dala joango baieztatzen da, baita be, inork katalana ikasteko obligazinorik ez dauela eta katalan hizkuntzea herritar guztien ondarea dala aldarrikatzen da. Atentzinoa emoten dau, bestalde, erabagia hartzeko hitzaurrean nazinoartean ezagunak diran zenbait habe juridiko jasotea, esaterako, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Europako Kontseiluaren Pertsonen Eskubideak eta Oinarrizko askatasunei buruzko Konbentzioak edota Kontseiluaren beraren Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna. Azken horri jagokonez, Europan indarrean dagoan nazinoarteko hitzarmena Frantzian indarrean ez dagoala esan behar da, izan be, Frantziak hitzarmen hori berretsi barik dauka oraindino. Hitzaurretik haratago bederatzi artikuluk osotzen dabe kartea. Lehenbiziko artikuluak, katalana, frantsesagaz batera ofiziala dala autortzeaz gainera, Kontseiluak katalan hizkuntzea belaunez belaun igaro daiten eragile izateko konpromisoa hartzen dau. Bigarren artikuluan, ostera, Institut d’Estudis Catalans erakundeari emoten deutso autormena, araugintzeari jagokonez, Akademiaren erabagiak zainduko dituala jasoz. Hirugarren artikuluak Kartaren xedeak jasoten ditu, besteak beste; belaunez belaun transmitiduteko eta hiztunen gainbehereari iges egiteko konpromisoa; hizkuntza ikasi, erabili eta ulertzeko ahalbideak eta abar. Laugarren artikuluan, besteak beste, jente aurreko jardunean katalan hizkuntzea erabilteko departamenduko egiturek elebitasuna barneratu beharreko konpromisoa dala jaso da. Bosgarrenean, Kontseilu Orokorrak lehentasunak ezartzen ditu (gela elebidunak edegitea, haurren sentiberatzea, helduen formazinoa). Seigarrenean, hizkuntza-paisaiaz dihardu. Zazpigarrenean, ostera, katalana hezkuntza alorrera ez dala mugatu behar eta nonahi zein noiznahi erabilteko ahalegina egin behar dala jasoten da, horren altzora, Kontseilu Orokorrak gonbidapen-txarteletan, buletinetan, egitarauetan, Interneten eta abarretan katalan hizkuntzea erabilteko konpromisoa hartu dau. Zortzigarrenean, hedabideetan katalan hizkuntzearen erabilerea sustatzeaz dihardu eta bederatzigarrenean katalan hizkuntzearen sustapenaz. Frantzian, hitzaurrean jasotakoak ez eze, ganerako artikuluetan jasotakoak berrestea be atentzinoa emoten dau, duda barik. Izan be, gizarte errealidadera egokitzeko saiakera izateaz gan, aurrera begira zer egin, euskerearen kasuan egin leitekeana be ixten dau agerian. Gehiago jakiteko: http://www.vilaweb.cat/www/noticia?p_idcmp=2724864

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu