Euskerearen Legeak hogeita bost urte
2007-12-08 15:09 Barriketan Lege batek euki dauen eragina baloratzeko orduan, egin daigun une baten hogeita bost urte atzera, orduan non gengozan, euskerea erabilteko aukerak non genduzan, zenbatek ekien, eta abar. Halan, galbidean joian euskerea indarbarritzeko ekarpen erabakigarria egin eban Euskerearen Legeak, zalantza barik. Administrazinoan, irakaskuntzan, danetariko zerbitzuen alorrean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideen aitorpenean, hedabideetan, informazino eta komunikazino teknologietan, eremu sozio-ekonomikoan, aisialdian, eta abarretan eragiteko aukerak eskeini deuskuz eta, baita euskeraz berba egiteko gero eta aukera zabalagoak eskeini be. Egungo euskal hiztunen kopuruak izan dauen hazkundea edota euskerearen lurralde osoan aldeko politikak bideratzeko aukerak nekez ulertu leitekez Euskerearen Lege hori barik. Euskal gizarteari egin deutson ekarpenari buruz, ostera, geroz eta elebidunagoa dan euskal gizartean elkarbizitzea areagotzen lagundu dau. Hogeita bost urteko ibilbidea egin ostean Legearen aldaketea aldarrikatzen dauenik badago egon bazterretan. Izan be, geurea lako ahuldutako hizkuntzak indarbarritzeko xedez Lege, Dekretu, Ebazpen edo dana dalakoetan jarten dau hainbatek atentzinoa, gizartearen borondatean eta hiztunen preminetan baino gehiago. Halan da ze, Legearen aldaketeari ekin aurretik galdera honi emon beharko litzaioke erantzuna, nik uste: Zeintzuk dira euskal gizartearen gehiengo zabal batek, ez gizarteko zati txiki batek soil-soilik, euskereari jagokonez egin nahi dauena eta Euskerearen Legeak egitea, garatzea eragozten deutsona? Izan be, Euskerearen Legearen beraren garapenak eta eguneratzeak muga argiak daukaz, herritarren gogoa eta borondatea, hain zuzen be. Ezagutzea eta erabilerea Legeak-eta tarteko dirala ezarri nahian dabilenak ez dau euskal gizartearen euskerea indarbarritzeko borondatean egiatan sinisten. Porrotera garoazan bidezidor bat hartu nahi dau, hori baino ez. Askotarikoen artean adostasuna bilatzea, jarrerak hurreratzea, egitasmoak konpartitzea lan nekosoa da hizkuntza-politikan. Horrek prozesua moteltzea dakar, akaso, baina, aldi berean, horrek emoten deutso sendotasuna eta iraunkortasuna euskerea indarbarritzeko ahaleginari, zalantza barik, eta helmugara ailegatzen lagunduko deusku.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!