Akordio eredugarriak?
2007-03-01 13:30 BidaideHauteskundeen atarian, hainbat alderdik eta sindikatuk 2004. urtean izenpetutako Akordio Soziopolitikoaren altzora, udaletan euskerearen aldeko hizkuntza politikea bizkortzeko, ustez hainbat ordenantza eredugarri aurkeztu dabez.
Ustez dinot, ze, aitaturiko akordio horretan alderdi nagusiak ez dagoz, halan da ze, aurkeztutakoaren eragingarritasuna oso mugatua izango dala aurresatea ez da ezelan be astakeria. Ez dagozanak euren borondatez ez dagozela esateko, euren euskaltzaletasuna zalantzan jarteko edota gure hizkuntzearen kontrakoak dirala baieztatzeko abagunea baliatuko dabenik egongo da bazterretan. Kontua, ostera, bestelakoa da.
Euskerea indarbarritzea bilatzen dauen edozein akordiok askotarikoen arteko adostasuna bilatzea, ehuntzea behar-beharrezkoa dau, nik uste. Hortik apartekoak ez dauka beste helbururik ibilbide laburreko estrategiak, protagonismo antzuak barne dirala, elikatzea baino. Izan be, Euskal Herriaz hainbatetan berba egiten dogunean, gure herriaren errealidadea, politikoki eta sozialki, askotarikoa dala ahazten egiten jaku. Ataunen garatu leitekeen hizkuntza politikea garatzeko gizarte baldintza bardinak ez dagoz Bilbon. Orexarako aproposak izan leitekezan oinarriak Barakaldon aurrera egiteko gitxienekotzat hartzea beste planeta batean bizitea lez da.Halan da be, Donostian egin leitekeen hizkuntza politikatik baino harago joan leiteke Ondarroan.
Lekuan lekuko errealidadearen araberako trajea, adostasunak gorpuztean dago erantzun ona lortzeko ezinbesteko giltza. Taldean joan nahi dauen mendizale talde bati buruz berba egitean, erritmorik makalena daroanaren arabera ibili behar dala azpimarratzen dogu beti mendizaleok, horixe dalako gailurrera, nekezago, beranduago, beharbada, taldean ailegetako ezinbesteko baldintzea. Holan jokatzeak ez dau adierazo gura, zelan ez, beste baldintza batzuk daukiezan lagunakaz zagozenean bestelako abiadarik eroan ezin leitekenik. Gauzak holan dirala, taldean joan nahi dogun da une honetan argitu behar dogun kontua, gitxi batzuek indarra daben edota gobernetan daben erakundeetan beteteko ez gauza diran kontuez berba egitea baino gehiago, itxurakerietatik harago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!