Ikastereduen eztabaidea, gori-gori

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2007-02-13 13:13

Eusko Legebiltzarraren orain dala hile batzuetako erabagiari jaramon eginaz, datozan asteotan laurogeiko hamarkadatik hona indarrean dagozan A, B eta D ereduen sistemea eguneratzeko proposamena aurkeztuko dau Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa sailak.

Ekarpena egin ostean, haren on-gaitzez balorazinoa egin beharko danez, orain arteko eztabaideari eta egin diran ekarpen batzuei buruz, Euskadiko Eskola Kontseiluarenaz barne, berbetan gabizela badira hainbat hari-mutur zehaztea komeni diranak.

Horreen artean, hezkuntza sistemea osorik hartzea, hau da, haur-hezkuntzatik hasi eta unibersidade bitarteko ikasketetaraino hartzea garrantzi handiko kontua da, euskerearen indarbarritzea laguntzeko eta eleaniztasuna gorpuzteko bidean aldi bakotxak egin leikeen ekarpena mugatuz, bide batez. Testuinguru horretan,  ekarpenotan, derrigorrezko irakaskuntzea amaitu orduko lortu beharreko helburu zehatzak ez dira proposatu, eta euskereari, gaztelaniari, frantsesari eta ingelesari jagokenez, hezkuntza-erkidegoetan onarpen zabala batu dauen Eskolaldirako Euskal Curriculumak proposatutakoa ez da aintzat hartu. Inguruabar horretan sakonduz, ingelesa, gaztelania eta euskera hizkuntzetan lortu beharreko gaitasunak bardintsuak izateko proposamenak, sozialistek iradokitzen daben antzean, hizkuntza ahulenari, euskereari baino ezin leikio kalte egin. 

Era berean, ikastetxeen autonomia, ingurune soziolinguistikoa eta ama-hizkuntzea lako kontzeptuak aitatzen diranean, kontzeptu horreen gainean berbetan hasten garanean zertaz ari garan argitzea be komenidu da. Ikastetxeen autonomiari bai, baina ezarri diran amaierako eta tarteko helburuetara heldu ahal izateko --barneko eta batez be kanpoko ebaluazino sistema bat bidelagun dala--, ez nahi dauenak nahi dauena egiteko. Ikastetxe inguruko eremuari edo ama-hizkuntzeari buruz, barriz, eskoleak hizkuntza kontuetan gizarteak eskaintzeko modurik ez dauena, erabat orekatzeko modurik ez dauen arren,  maila batean konpentsatzeko erabiltea komenidu da, eta holan jokatzeak, gunearen arabera, ofizialkide diran hizkuntza batean edo bestean gela barruko jardunean indar edota ahalegin are handiagoa egitea dakar.

Halan da be, egoera guzti-guztietan, eskolako barneko zein kanpoko giroan euskereari lehentasuna emotea funtsezkoa da, horren arabera jardunez. 
Horrezaz gan, beste sistema baterako bidea egiteko denporea beharko danez, hori zelan egingo da? Esperientzia pilotua jarriko da martxan eta ikasleen hizkuntza-gaitasuna, orain baino neurri zabalagoan, garatzeko aukerak eskaintzen dauzela frogatu ahala orokortzeko neurriak hartuko dira? Hala bada, iraganaldi horretan orain artekoa eta molde barria denporan bateratsu ibiliko dirala aurreikusi beharko dogu, molde zaharrean hainbat egokitzapen eginez, gero eta eragingarriagoa izan daiten neurriak hartuz (Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskerazko eta euskerearen irakaskuntzea areagotu, unibersidadera sartzeko azterketa-eta moldatu, etorkinen eskolatzea euskeraz izan daiten neurriak hartuz, etorkizuneko maisu-maistrek bete beharreko baldintzak, eta abar). Halan da ze, nora joan nahi dogun aurreikustea komenidu da, iraganaldian hainbat erabagi hartuz, bide batez. 

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu