Gazteak eta euskerea

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2006-11-09 13:38   Musikea

Euskerearen ezagutzeak gora, erabilereak ez hainbeste. Askotan zabaldu dan kontua izan da. Gazte belaunaldiak gazteenak izanik, euskerearen erabilerea euren artean zelan bultzatu hainbaten burukomin bihurtu da. Halan da be, nik bestela ikusten dot hori kontuori.

Erabilereak dezente gora egin daian, ezagutzeak be zabalagoa izan beharko leuke, nik uste. Hain zuzen be, euskeraz berba egin ahal izateko euskeraz dakien gitxieneko hiztun dentsidadea, kontzentrazinoa behar da. Barakaldon Ondarroan baino euskaldun gehiago egon arren, Ondarroan euskeraz dakienak gehiengo zabala dira; Barakaldon, ostera, gitxiengo batek daki euskeraz, eta horrexek ahalbidetzen dau, besteak beste, Ondarroan dan erabilerea Barakaldon dana baino dezente altuagoa izatea. Eta euskerearen indarbarritzean gazteen zereginaz? Gero eta euskaldunagoak diran gazte belaunaldiek heldu euskaldunen faltea igarten dabe nonahi. Izan be, helduok erderaz eroso bizi garan bitartean, euskerearen indarbarritze ahalegina gazteen esku itxi dogu, batez be. Guk egiten ez doguna gure seme-alabek egitea nahi dogu. Euskeraz jakinda gazteleraz ari garanean edo euskerara hurreratzeko, ikasteko ahalegin sendorik egiten ez dogunean, gazteek euskeraz berba egin daien indar egiten dogu. Halakoetan, geure ezintasunak zuritzeko iraganari heltzen deutsagu sarritan. Franko aspaldi hil zan, baina.

Gu baztertu garan burruka baten aurrealdean jarri doguz gazteak, baina, eurek eskatuta, bilatuta edota euren borondatez hartu dabe hori egitekori? Euskerea behar-beharrezkoa dala saldu dogu nonahi, baina, euskerearen eta euskerazko irakaskuntzea baino ez deutsegu eskeini ikastolan eta ikastetxeetan euskaldundu diran gazteei, erdaraz batez be jarduten dauen gizartean mobidu daitezan. Halan da ze, gazteek euskeraz berba egitea gura badogu, lehenengo eta behin entzun daiguzan euren kezkak, kritikak eta preminak, eta gure egitekoari heldu daiotsegun berandu izan baino lehen, erantzukizuna geurea da-eta, ez eurena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu