Gitxika-gitxika, baina, aurrera goaz!

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2006-09-20 15:26

Bizi nazen herritik lantokira hurreratzeko autopistea hartu ohi dot.

Bizi nazen herritik lantokira hurreratzeko autopistea hartu ohi dot. Gauzak holan, aurten, uda baino arinago, hilebete luzeetan obretan egondako Zornotzako atseden lekua inaugurau barrian gelditu nintzan. Goizeko zazpirak izango ziran han egoan tabernariari kafea eskatu neutsonean. Zerbidu bitartean, ezker-eskuma eta goi-behe begitu ostean, hizkuntza-paisaia aztertzen emon neban denporea. Izan be, obrak hasi aurretik egoan kafetegi-itxurako haretan euskera trakets baten idatzitako hainbat testu ageri ziran. Halan da ze, idatzi hareek gazteleraz idatzita egon izan balira denpora gitxi iraungo ebela adierazo eta kexa agertu neutsan enkargatuak gogoan hartuko ebala pentsau neban. Usteak, ostera, ustel gertau ziran, eraikuntza zaharbarrituan ez egoalako euskerearentzako ezelako tarterik. Testu guzti-guztiak gazteleraz eta ingelesez idatzita egozan. Erreklamazino-orria eskatzean, kafea atara eustan emakumea aztoratu egin jatan, bada, establezimenduaren enkargatuari abisua pasa eta aurrera agertu jatan bezain urduri. Bada, zer jazo da? Itaundu eustan ardureaz, gazteleraz. Gazteleraz eta ingelesez baino ez dagoz idatzita testu guztiak, erantzun neutsan. Arrazoi dozu, atseden-leku honetan kanpotar askok hartzen dau atseden, segidu eban berak. Ni, ostera, ez naz kanpotarra, eta egunero gelditzen naz hemen. Era berean, jakin behar dozu ingelesa gaur eta hemen ez dala hizkuntza ofiziala, euskerea, aldiz, bai, eta presentzia izan beharko leuke, gaineratu neutsan.

Erreklamazino-orria eskuratu eustan, eta hara! Hurrengo sorpresea. Gazteleraz, frantsesez, ingelesez, arabieraz eta bestelako hizkuntzetan (pasarteak hamar bat hizkuntzetara itzulita etozan) idatzita eta euskerearen arrastorik ez!
Kafea hartzeagaz batera bete neban inprimakia, esperantza barik ia-ia eta artega.

Egun gitxira, parkamena eskatzeaz batera okerra zuzenduta egoala baieztatuz ohar bat jaso neban atseden-leku haren jaube dan enpresearen aldetik. Nik, barriz, egun horretan bertan egon nintzala eta kontua bere horretan egoala erantzun neutsen. Ganera, hizkuntza-paisaia euskeraz jarteko hiru hilebeteko tartea emon neutsen.
Aurreko astean, goizeko zazpiretan, eskailera bat lagun dauela, atseden-leku horretako enkargatua ikusi dot, kartelak-eta aldatzen ebilen. Zure eskariak eragina euki dau, antza! dinost. Eta kafea hartzen ari nintzala, inkatzeko leku egokia bilatzeko asmoz, txartel baten esanahia zein dan itaundu deust.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu