Indarbarriturik nator, ez pentsa!
2006-09-05 12:51Bateren batek nire faltea igarri dau, antza. Gauzak holan dirala, oporretako etenaldiaren ostean, biltegia beterik eta indarbarriturik nagoala martxan nago barriro.
Jasotako azken iruzkinean hainbat kontu aitatu dira, besteak beste, nire idatziei esperantzarik ez dariela eta askotariko harreman-sareak euskalduntzeko edo euskerara hurreratzen ari diranek euskeraz jarduteko egiazko aukerak izan daiezan abian jarritako koadrilategi egitasmoa.
Lehenengoa dala eta, euskerea eta haren aldeko indarbarritze ahalegina askoren arteko langintzearen emoitzea izan behar dauela uste osoa dot. Euskerea ez da inorena, eta aldi berean danona, danontzat izan beharko leukeela, bihurtu beharko geunkeela uste osoa dot. Era horretara, ez bestela, hiztunak irabazteaz gainera erabilera-eremuak be irabazi ahal izango doguzalako, harik eta gure hizkuntzearen normalizazinoa arian-arian irabazi arte. Halan da be, euskerea eta haren aldeko langintzea beragaz zerikusirik ez daukien estrategia eta helburuen meneko bihurtzen doguz sarri, helburu baino gehiago beste zernahitarako bitarteko, geure hizkuntzearen etorkizuna lanbrotuz, jentea erakarri beharrean uxatuz, aurrera egiten lagundu beharrean atzera egin daigun dezente erraztuz.
Zelatan eskatuko deutsegu gainerakoei euskerea lehentasuntzat hartu daien, euskaltzaleok lehentasunen bigarren lerroaldean kokatzen badogu? Bigarrena dala eta, ostera, euskal hiztunek erabilera eremuak behar beharrezko daukiez. Inguruabar horretan, hainbat arrazoi (ohitura, hizkuntza-gaitasuna eta abar) tarteko dirala, badira euskeraz jakin arren gaztelaniaz sarriago, errazago harremanak burutzen dabezan koadrilak.
Badira, baita be, euskerea ikasten ahalegindu arren, euskeraz jarduteko aukera urriak daukiezanak. Lehenengoen kasuan, hainbat azterlan tarteko, koadrilategi egitasmoak hizkuntza-ohituretan eragiteko tresna eragingarria bihurtu daitekeala ikusi ahal izan da, artean gaztelaniaz ari ziranek euskeraz egin daien lortuz. Bigarrenen kasuan, euskeraz jarduteko aukerak ugaltzeak, hiztunen jarreretan ez eze, hizkuntza-gaitasunean be eragiten dauala hartu beharko geunke kontuan.
Fishman gogoan, geurea lako hizkuntza txikiek, hiztun-herri gisa jarraitu nahi badabe, euren kontzentrazino demografikoko arnasguneei eutsi behar deutse, kosta ahala kosta. Horretarako, euskaldunak alkarrengandik zenbat eta gertuago bizi/egon hainbat eta anparo handiagoa emongo deutso batak besteari, erdeldunak euskerea ikastera eta euskaldun motelak hiztun sendoago bihurtzera ahalbidetzen dabezan gizarte-arauak eta egoera interaktiboak ugarituz. Bada, koadrilategi egitasmoa testuinguru horretan kokatzen dan egitasmoa dala kontuan izanik, eremu gatx batean (harreman-sareetan) jarduten dauen egitasmoa dan ezkero, bultzatu beharreko jarduerea dala uste dot.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!