Aniztasuna Gainbehera
2006-07-11 13:48 Kapitalak aberririk ez daukala eta personen danetariko preminei begira ez dagoala aspaldi esandako kontua da. Gauzak holan, egindako inbersinoaren eta horri ataratako etekinaren arteko tartea handitzeko modurik balego, jai! Laster egingo dau beste nonora, aldekoago dauzen lurraldeetara, enpresak-eta leku batetik bestera aldatuz, batean langabezia eraginez, bestean, personek ozta-ozta bizimodua atara daien ahalbidetuz eta egoera horretaz baliatuz. Bitartean, ekosistemak jarduera ekonomikoaren pentzura, atarramentu ekonomikoaren zerbitzura egongo dira bakarrik, eta bioaniztasuna murrizteko aukerak ugaldu egingo dira, bide batez ekosistemak zurrunago bihurtu daitezan lagunduz. Egin-eginean be, gizakiok, naturegaz genduzan hariak eten ahala, gero eta ardura bakoago jokatzen ari gara ekosistemakaz.Hainbat lurralde astindu dauen hegazti gripearen jatorria azaltzeko orduan, batzuen artean, gizakiok ekosistemetan dogun esku hartze bortitzaren teoria aitatu izan da. Horren arabera, mendeetan zarratu antzean egon diran ekosistemak inbadidu ahala, han ziranei beste baldintza batzuetara mutatzeko aukerak eskaini egin jakez, mutazino horri aurre egiteko defentsarik ez euken espezieetan-eta eraginez. Gauzak holan, gizakion eragina tarteko dala, ekosistemek sasoi baten euken egokitzeko gaitasuna galtzen eta hondatzen ari da. Baina, ekosistemen gainbehera honek badauka, beste teoria batek dinoan lez, hizkuntzen eta kulturen biziraupenagaz zer ikusirik. Izan be, munduko biztanleriaren % 96k hizkuntzen % 4tan egiten dau berba; eta herritarren % 4, ostera, hizkuntzen % 96tan berba egiteko gai da. Era berean, aniztasun biologiko oparoa daukien guneak, aldi berean, hizkuntza eta kultur aniztasunean be emonkorrak dira. Halan da ze, ekosistemen kopurua gitxitu ahala, bizirauteko aukerak eskastu ahala, hizkuntzen eta kulturen kopurua be murrizteko joerea dagoala azpimarratu da. Aurreikuspenak baina, ez dira onak. Mende honen amaieran Lurrean diran animalia eta landara espezien erdia baino gehiago galtzeko arriskua ei dago, eta hizkuntzei zein eurekaz doazen kulturei buruz, barriz, beste horrenbeste dago iragarrita.Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!