Sastarrez ganezka
2006-06-30 14:07Azken egunotan, ingelesez idatzitako mezuak hausnarketa gune hau mendean hartzeko ahaleginak eta bi! egiten dabiz.
Azken egunotan, ingelesez idatzitako mezuak hausnarketa gune hau mendean hartzeko ahaleginak eta bi! egiten dabiz. Gainera, gunea atontzen ahalegintzen dan teknikariari mezu horreek ezabatzen behar nahikoa emoten deutse. Gauzak holan, bagilaren 28an, adiskide batek idatzitakoa bestelakoakaz batera ezabatu egin zan, halan da ze, parkamena eskatzeaz batera, orduan itsatsitakoa barriro eransteko eskatu nahi deutsagu gure adiskideari. Mezuan Iruña-Veleian jazotako aurkikuntzeari buruz ebilen. Aurkikuntzea egiazkoa ete zan zalantza egiten eban, besteak beste, z hizkia edota -ta aurkikuntzan agertzea ekarren autua. Iruña-Veleian z hizkia oso garbi ageri ei da, euskal tradizinoan hizki horrek mende dezente geroago lehenengo aztarnak erakusten ebazanean. Era berean, eta-ren laburdurea edo ta sasoi haretan eta hain nabarmen agertzeak iruzur baten aurrean ez ete gagozan zalantzea handitu egiten jakola inoan. Eta hori dala eta, bestelako aurkikuntzarik ba ete egoan, horren barri baneukan eta abar itaundu egin eustan.
Balorazinoak eta irakurketak egiteko oraindino goiz dala ninoan aurreko baten, eta halan dinot orain be. Ikerlariei euren beharra behar dan moduan beteteko denporea eta patxadea emon behar jakez, espekulazinoetarako eta irakurketa okerretarako tartea itxiko dogu, bestela. Udagoiena arte itxaron beharko dogu, gitxienez, topautakoaren antxinatasuna ez eze testuen transkripzinoak be eskuartean eukiteko, eta hortik aurrerantzean irakurketak egiteko tarte luzea izango dogu. Beharbada, gure geure baino zaharragoa ete dan eta gure geuretik ete datorren eta antzeko kontuak argitu geinkez, baita itaun barriak egiteko tartea hartu be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!