Iruña-Veleia
2006-06-20 17:52Aurkikuntzek zer emon daben aztertzeko eta ondorioak atarateko tartea hartu barik balorazino eta antzekoetan ibiltea ez dot atsegin.
Urduritasunak, presak, nabarmendu gureak eta abarrek, besteak beste, ustez sasoi bateko kristinauek alkar agurtzeko erabilten eben esaldia, Aita Gureagaz nahastea lako hanka-sartzeak ekarri leikez. Gauzak holan, aurkikuntzak tentuz hartzea, lasaitasunez aztertzeko beta hartzea garrantzi handikoa da. Halan da ze, datozen hileetan hizkuntzalaritzearen ikuspegitik, aurkikuntzeak edegi dauzan ikerketa-lerroak, emondako erantzunak, baita itaun barriak be, mahai gainean izango doguz. Tira, bego kontu hau, momentuz, bere horretan. Halan da be, hizkuntzalaritzeak emon leikena aparte itxita, gai honen harira kontu bi aitatu gura neukez; batetik, aurkikuntzea, orain arte bestelakorik baieztatu dabenen kontra, euskerea inguru horreetan ez zala arrotz erakusteko beste ebidentzia bat da, hain zuzen be mendeetan aurreratu dalako euskerazko lehenengo berba idatzien agerpena (ez izenena).
Bide batez, beste arabar batek, Lazarragak, 1564-1567 tartean, menturaz, idatzi ebazan danetariko euskerazko testuetan Euskal Herria ingurune geografiko bat izentetako, XIX. mendeaz geroztik iraun dauen euskal abertzaleen asmakizuna ez dala erakutsi eban modu bardinean (anchinaco liburuetan/ceñetan ditut eçautu/eusquel erriau nola eben/erregue batec pobladu); bestetik, euskerea han-hemengo tratu ekonomikoak-eta bideratzen ebazan uri batean agiri da; ondorio lez, euskerea ez da sasoi haretako baserritarren kontua bakarrik, bestelako pertsonena, idatzizko testigantzak itxi ebezan eskolauen hizkuntzea be bada.
Gure eskoletako haur eta gazteek, sarri askotan, urruneko herrialdeen izenak, uriburuak, ibaien izenak, mendiak, jazoera historikoak eta bestelakoak ezagutzen dabez, baina, gertuko ganetxoen eta erreken izenak ez dakiez. Urrunekoa ezagutzeari hainbatetan horrenbeste erreparetan deutsagun honetan, geureari ganoraz jaramon egiteak ez deusku ezelan be kalte egingo, alafede!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!