Azken mohikanoak?

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2006-06-06 21:06

XIX. mendean gauzak joiazan bidetik joiazala euskereak XX. mendea ikusteko modurik ez ebala izango esan eban hainbatek.

XX. mendean be geure hizkuntzea hurrengo mendera ez zala ailegauko esan ohi zan. Iragarpenak iragarpen baino ez dira, bistan da. Izan be, esanak esan, horren hiztun gitxiko alkarteak, ahulduta bada be, gaur arte irautea lortu dau. Ez hori bakarrik, sasoi bateko gainbeheratik igesi dabil, hiztun kopurua handitzen doaz, eta erabilera-eremuak berreskuratzen. Leku eta toki guztietan, ostera, bilakaerea ez da ez homogeneoa ez eta baikorra, baina, pausoak emoten gabiltz indarbarritzeko, zalantza barik.

Geure hizkuntzea indarbarritzea dala eta, diglosiaren jatorrizko esangureari, hizkuntzen arteko konpartitze printzipioari eutsiz, ganerako hizkuntzek daukiezan erabilera-eremuak ez doguz zertan kontuan euki, belaunik belaun euskerea osasuntsu transmitidutea ahalbidetzen daben erabilera-eremuak dira kontuan euki behar eta artez zaindu beharrekoak, neure ustez. Holan ba, ingelesa lako hizkuntzek, neurri handi batean eta tarte luze baterako behintzat, esklusibotasunez erabilera-eremu batzuk beteteak ez deusku arduratu behar. Bidea luzea da. Tartean nekea igarriko dogu, helmugara inoiz ailegatuko ete garan zalantza indartzen da gure artean, baina, ez dogu etsipenean jausi behar, ezinezko emoten dauena; ekinaren porasuz lortzen da-eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu