Euskereak irauteko ez dau independentziarik behar

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2006-05-22 18:01

Gotzon Garate adiskideak inoan independentzia lortu ezean gatx izango zala euskereak irautea.

 Baieztapen horrek ez dau gaurkotasunik galdu, menturaz. Izan be, erreferenduma egin barri dala, sasoi bateko estadu izaerea berreskuratzeko pauso erabagigarria emon dau Montenegrok, eta Europan, beste behin, herriek, horretarako borondate politikorik badago, era baketsuan eta bide demokratikoak baliatuz, euren etorkizuna erabagiteko eskubidean oinarrituz, ibilbide propioa egin leikela erakutsi deuskue bide batez. Baina, hizkuntzen kontuak ez dira Montenegroko herritarrak independentziaren alde egitera bultzatu dabenak, seguruenik. Han-hemen galtzeko bidean ziran/diran hizkuntzak indarbarritzeko emondako pausoak sistematizetan ahalegindu ezkero, lau ildo nagusi jorratu geinkez, azken baten; batetik, hala behar izan danetan, hizkuntza bera sasoi barrietara gaurkotzeko saiakerea egin da; bestetik, atzeraka doan hizkuntzea herritarrei erakusteko ahalegina egin da; hirugarrenik, aginpidea eskuratuz ahuldutako hizkuntzeari, ohiko erabilera-eremuez gainera, goi-mailako funtzinoak segurtatzeko pausoak emon dira; azkenengoz, belaunik belaun iraupena ziurtatzeko, hiztun-alkarteari beraren neurriko erabilera-eremu barriak zabaltzeko modua egin da.

Ganerakoez hurrengo baterako itxiko badodaz be, hartu daigun hirugarrena, oraingoan, aztergai eta eztabaidagai. Hemen egin behar dana zera da, euskerea ofizial bihurtu eta berton bizi nahi dauenak egin dagiala geure hizkuntzan edota gaztelania edota frantsesa hizkuntzak zelan ezarri dira? Bada, guk geuk be aginpidea eskuratuta, ezarri ahal izango dogu gure hizkuntzea, euskerea, holako baieztapenak, aho txikiaz edo ahots gora, sarri entzun edota igarri doguzan jarrerak dira. Halanda be, gazteleraz edo frantsesez ari dan biztanleriaren gehiengo baten hizkuntza-jokabideak eraldatzeaz dihardugunez, gauzak ez dira baieztapenak egitea bezain erraz eta arin jazoten. Euskerea lako hizkuntza bat indarbarritzeko hizkuntza politika ausarta garatzea ezinbestekoa da, era berean, hizkuntza politika horrek deserosoa izan beharko dau, derrigorrean, ze herritarrentzat erosoa bada, ez da nahikoa izango gauzak eraldatzeko, seguruenik.

Beraz, hizkuntz politika deserosoa garatu arren, aurrera egin nahi bada, herritarren sostengu zabala be behar-beharrezko dogu. Gauzak holan, Euskal Herriko lurralde batetik bestera eta lurralde berean be eskualde batetik bestera herri sentipen desbardina dagoala kontuan hartuta, independentziaren aldeko jarrera gitxiengo batek sostengatzen dauela agerian eta euskerearen indarbarritzea gerorako ixteko modurik ez daukagula jakinda, hona hemen hainbat itaun: Zer egingo geunke, orain ezin geinkena egin, independenteak bagina? Eta independentzia lortu bitartean, euskerea ahalik egoerarik onenean egon daiten zer egin beharko geunke, egiten ez doguna?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu